Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren erabaki arbitrarioaren aurka mobilizatzen jarraituko dugu Ikastolek. Ikastolek diotenez, «Departamenduak berak berretsi die itunen murrizketak arbitrarioak izan zirela, ikasgelak murrizteko erabakian zuzenketa partzial bat egin baitio Departamentuak berak bere buruari». Hezkuntza Departamentuari eskatzen diote bukaeraraino eraman dezala egin duen zuzenketa eta ikastolei dagozkien itunak onartu ditzala, sareen arteko berdintasuna bermatu dezala, hezkuntzaren kalitatea erdigunean jar dezala eta ez ditzala gehiago zigortu ikastola hautatzen duten familiak eta ikastolen komunitatea.
Hori gertatzen ez den bitartean, ikastolek mobilizatzen segituko dutela jakinarazi dute. Maiatzaren 6an, asteazkenean, ikasgelak kalera aterako dituzte ikastolak dauden herrietan. Helburua argia da: herritik eta herriarentzat lanean diharduen hezkuntza-sare herrikoia ikusaraztea, Nafarroa euskaraz josten duen sarea bistaratzea eta euskararen etorkizuna kalean utzi nahi dutela salatzea.
Maiatzaren 6an, asteazkenean, Nafarroa osoan zehar banatuko dira mobilizazioak, «guztion artean osatzen dugun sare erraldoia irudikatuz». Gurasoak, ikasleak, irakasleak eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera, euskarazko hezkuntzaren defentsan.
Nafarroako ikastolek ez dutela atzerapausorik onartuko jakinarazi dute, «ez dugu onartuko gure proiektua eta Nafarroaren euskalduntzea arriskuan jartzea. Gizarte zibil osoari, euskalgintzari eta hezkuntza komunitate osoari ere dei egiten diegu gurekin bat egitera, Ikastolen eta euskararen defentsan. Nafarroa euskaraz josten jarraituko dugu».
Mobilizazioak
- Etxarri Aranatz: Herriko plazan, 19:00
- Irunberri: Klaustro plazan, 16:30
- Fontellas / Tutera: Fontellaseko parke handian, 15:30
- Baztan: Elizondoko plaza, 19:00
- Viana: Ikastolako sarreran, 9:00
- Tafalla: Herriko plazan, 13:00
- Lodosa: Herriko enparantzan, 15:00
- Altsasu: Txioka aurrean, 14:15
- Iruñea: Antonio Perez Goyena Pasealekuan, 11:30
- Bera: Herriko Etxeko plazan, 10:00
- Lizarra: Koroatze plazan, 17:30
- Atarrabia: Arga plazan, 15:15
- Zizur Txikia: San Fermin Ikastolako patioan, 11:30
- Lesaka: Plaza Zaharrean, 19:00etan
- Zangoza: Praun, 11:45