Otxandorena eta Barricart nagusitu dira Udaberriko Erremonte Txapelketako Iruritako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 4a

Barricartek eta Otxandorenak garaipen garrantzitsua lortu zuten larunbatean Iruritako Aranabia pilotalekuan.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Microlan Aerospace Sari Nagusiko hirugarren jardunaldia jokatu zuten larunbatean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Eloy Otxandorena doneztebarrak eta Barricartek 35-30 irabazi zieten Zeberio II.ari eta David Mitxeo doneztebarrari.

35-30 irabazi zieten larunbatean Aranabian Zeberio II.ari eta Mitxeori

Hasieran gorriek agindu zuten eta sei tantoko aldea ere izan zuten Zeberiok eta Mitxeok (10-4 eta 11-5), baina hamaikana, hamabina, hamalauna, hamazazpina eta hogeita bana berdindu ondotik, bortz tantoko aldea hartu zuten urdinek lehen aldiz (21-26). Hamar tantoko aldea ere izan zuten Otxandorenak eta Barricartek (22-32). Bazirudien partida erraz irabaziko zutela, baina 8-0eko partzialarekin bi tantora hurbildu ziren Zeberio eta Mitxeo (30-32). Azken hiru tantoak, ordea, urdinek egin zituzten, garaipen garrantzitsua lortzeko (30-35).

Otxandorena bikain aritu zen eta hogei tanto egin zituen, bi pilota bakarrik galduz. Gorriak lehen partidan baino hobekiago aritu ziren, Mitxeok 11 tanto egin zituen eta Zeberiok 14, baina ez zen aski izan garaipena lortzeko.

Jaialdia hasteko jokatuko den partidan, herriko semeak, Jon Sagaseta iruritarrak eta Agirrezabalak 30-20 irabazi zieten Koteto Ezkurra III.a doneztebarrari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun