Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek irabazi dute Emakume Master Cup zirkuituko Nafarroako Irekia

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 4a

Sagardui eta Gaminde txapeldun eta Ruiz de Infante eta Erasun txapeldunorde, Nafarroako Irekiko sari banaketaren ondotik, igandean Labriten.

Berrikuntza eta hobekuntza lanen ondotik, bere lehen final handia hartu du igande honetan Iruñeko Labrit pilotalekua. Harmailak goraino beteta, 500 pilotazale inguruk kanpoan geratu behar izan zuten, Emakume Master Cup zirkuituko Nafarroako Irekiko finala ezin ikusi (ETBk zuzenean eman arren). Finala orekatua eta lehiatua izan zen eta azken unera arte emozioari eutsi zion. Azkenean, Alize Sagardui goizuetarra eta Gaminde, egungo binakako txapeldunek 22-20 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Erasuni. Eguna borobiltzeko, duela hamar urte Nafarroan emakumezkoen esku pilotan aitzindari izan ziren Aldatze klubeko neskek –Ana Calvok, Ruth Iturbidek, Naroa Iturainek eta Izaskun Solak– merezi bezain omenaldi beroa jaso zuten. Ezin gehiago eskatu.

Igandean Labriten jokatutako final estuan 22-10 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Erasuni

Kirol arloan, Sagardui-Gamindek pronostikoak bete zituzten, ez dira alferrik egungo binakakoaren txapeldunak, baina lana erruz egin behar izan zuten oso lehiakor agertu ziren Ruiz de Infante-Erasunen aurka, final gorabeheratsu batean. Goizuetarra eta Laukizkoa finalaren zati handienean aurretik izan ziren markagailuan eta sendoago aritzeak eman zien garaipena, baina partida hasieran bezala amaieran, hortzak estutu behar izan zituzten partida handia jokatu zuten aurkarien aurrean. Otxandiokoa eta zizurkildarra ideiak oso argi zituztela atera ziren kantxara. Jokoa nahastu eta Gaminde deseroso egotea behar zuten txapela janzteko aukerak izan nahi bazituzten. Pilota beheko txapatik gertu ibilita, hala egin zuten partida hasieran, atzelari gorriari kosta egin zitzaion partidan sartzea eta, arriskuak hartuz, urdinak 4-0 aurreratu ziren. Ruiz de Infantek bizi ibili zuen pilota, Erasunek ere eutsi baino gehiago egin zion Gaminderi eta partida amestu bezala hasi zen urdinentzat.

Hala ere, Gaminde ez zegoen bere palmares izugarrian falta zuen torneoa irabazteko aukerari ihes egiten uztekotan, eta partidan sartzen joan zen heinean, finalaren gidoia erabat aldatu zen. Sagardui zuzen baten laguntzarekin, Laukizkoak finalaren aginte makila hartu zuen eta 14-1eko partzial batekin, 15-6 aurreratu ziren gorriak.

Baina urdinek lanean segitu zuten eta 16-12 hurbildu ziren lehenengo eta Enara Gaminderi presak sartzea ere lortu zuten 19-17 etorri zirenean. Laukizkoak txapara bota zituen pare bat pilota moztera joan zenean eta partida ikaragarri orekatu zen azken txanpan, pilotalekua bete zuten zaleen gozamenerako.

Pilatutako desabantaila, ordea, handiegia izan zen Ruiz de Infante eta Erasunentzat eta azkenerako amore eman behar izan zuten, hori bai, Sagardui-Gaminderi susto handi bat eta pilotazaleei gozatu oraindik handiago bat emanda.

Jaialdiko lehen partidan, Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Nahia Bertiz sunbildarrak 18-16 irabazi zieten Salsamendiri eta Mendibururi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun