Maiatzaren 1ean LAB sindikatuak Euskal Herrian barna antolatutako manifestazioetako bat Donezteben egin zuten. Baztan-Bidasoaldeko hainbat herritar bildu ziren langileen aldeko politikak eskatu zituzten hitzorduan.
Merkatuko Plazatik atera eta Santa Luzia plazan akitu zuten manifestazioa, eta han, hitza hartu zuen Haritz Bereau Baztan-Bidasoko LABeko ordezkariak. Alde batetik, munduko herri langileei egin zien keinua: «Kubako blokeo kriminalari ezetz erraten diogu, Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dugu eta nola ez, Palestinako herriari gure babes osoa erakusten diogu». Aipamen berezia egin nahi izan zien Gazarako bidean Flotillan bahitutako eskualdeko herritarrari.
Bertzetik, «injerentziaren aurrean, herrien burujabetza eta herritarren ongizatea» defendatu zuen: «Ez dugu langileok gerraren faktura ordainduko: ez dugu gerraren aitzakian enplegu galerarik onartuko, ez lan baldintzak okertzea; ez bizitza garestitzea; ezta zerbitzu publikoak ahultzea ere. Euskal Herriak ezetz erran zion NATOri eta horri berretsi nahi dugu».
Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak
Gainerakoan, langileen aldeko politikak eskatu zituen, eta zehazki, «etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak». Etxebizitza eskubidea «eskualdean lan eta bizi nahi dugulako» aldarrikatu zuen; zerbitzu publikoak «sendotzeaz» ere aritu zen, «hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko». Eta azkenik, soldata eta pentsio duinen aldarria egin zuen: «1.500 euroko guttieneko soldata aldarrikatzen segituko dugu, bizitza duinagoa izateko guttieneko baldintza baita. Eta nola ez, guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzea ezinbertzekoa ikusten dugu». Horri lotuta, «greba orokorrak bere fruituak» eman dituela azpimarratu zuen LABeko ordezkariak: «Borroka sindikalari esker zenbait hitzarmenetan guttieneko 1.500 euroko erreferentzia txertatzea lortu dugu».
«Borrokan merezi du eta borrokan segitu behar dugu, ez digutelako deus oparituko»
Nafarroako zahar egoitzetan lehen hitzarmenaren aurreakordioa lortu dutela oroitarazteaz gain, borrokan segitzeko deia egin zuen. «Borrokan merezi du eta borrokan segitu behar dugu, ez digutelako deus oparituko». Eskualdeko lantokietan «dozenaka arazo eta dozenaka egiteko» badirela ere erran zuen, eta horren adibide, «Arcelor Mittalek Legasako fabrika ixteko erabakia hartu izana edo duela hilabete eskas, inolako arrazoirik gabe eta hitzarmena errespetatu gabe, ondoko lantegitik urteak zeramatzan langile bat kaleratu izana» salatu zuen. «Doakiola hemendik gure elkartasun osoa kaleratutako langileari!».
Akitzeko, antolatzeko deia egin zien langileei: «elkarrekin indartsuago baikara».