Nafarroako Irekiko finala jokatuko du Alize Sagardui goizuetarrak igandean Labriten

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 30a

Nafarroako Irekiko finalistak: Ruiz de Larramendi, Erasun, Alize Sagardui goizuetarra eta Gaminde.

Maiatzaren 3an, igande eguerdian jokatuko dute Emakume Master Cup Zirkuituko Nafarroako Irekiko finala. Euskal Telebistak zuzenean emanen du. Alize Sagardui goizuetarrak eta Gamindek, gaur egungo binakako txapeldunek, Ruiz de Infante eta Erasun izanen dituzte arerio Iruñeko Labrit pilotalekuan. Beraz, finaleko nafar bakarra izanen da Alize Sagardui, 14 urteko goizuetarra. Jaialdia hasteko partidan, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Nahia Bertiz sunbildarra, Salsamendiren eta Mendibururen kontra ariko dira.

 

Alize Sagardui: «Une onean ailegatu gara finalera»

Laukizko Enara Gaminderekin batera Binakako Txapelketako egungo txapeldun den Alize Sagarduik adierazi duenez, Labriten jokatzea hutsa sari handia da, berez, beretzat. «Labrit Nafarroako frontoirik garrantzitsuena da, ni nafarra naiz eta ilusio handia egiten dit Labrit bete batean jokatu ahal izateak. Ea jendea frontoira joatera animatzen den, niretzat izugarria baita horrelako jendetzaren aurrean jokatzea, batez ere horrelako final batean». 

Goizuetakoak badaki final gogorra izango duela zain, baina egun garrantzitsu honetan bere aukeretan konfiantza handia du. «Nik uste Enara –Gaminde– eta biok une onean iritsi garela, txapelketa honetan partida guztiak irabaztea lortu baitugu eta, maila bikaina emanaz, Salsamendi-Mendiburu finalerdietan gainditzea lortu dugu. Txapelketako partida guztiak bezala, finala partida gogorra izango da, eta lan handia egin beharko dugu irabazi nahi badugu, baina guk geurean jarri behar dugu arreta, irabazten saiatuko gara eta ea lortzen dugun», adierazi zuen. 

Binakako txapelak janzteko Eibarko Astelena bezalako beste kantxa mitiko batean egin zuten bezala, Sagarduik eta Gamindek euren bertsiorik onena eman beharko dute Nafarroako Irekia eskuratzeko, orain artean lehiaketa orekatua eta lehiatua suertatu baita, maila handikoa, Lodosako finalerdietan argi geratu zen bezala.

Hasiera batean, finalerdiak hain lehiatuak izan ondoren, ez dago azken txapela irabazteko faborito argia den bikoterik, baina berriki Binakakoan txapeldun izateak eta Enara Gaminde, egungo erreferentziako pilotaria, tartean egoteak nolabaiteko abantaila eman diezaieke Goizuetakoari eta Laukizkoari. Dena den, azken asteetan Ainhoa Ruiz de Infantek eta Itsaso Erasunek bikote sendoa direla erakutsi dute eta fisikoki ere prest daude partidak luzatu eta gogortuz gero. 

Aldatzeko aitzindariei omenaldia

Jaialdiak 2015ean Nafarroako emakumezkoen lehen esku-pilota kluba, Aldatze, sortu zuten pilotariak omentzeko ere balioko du. Emakume aitzindari hauek jarri zuten oinarria gaur egungo pilotariek, txikienetatik hasita, jarraipena eta erreferentziazko txapelketak izan ditzaten eta kirol eder honetaz goza dezaten, beste modalitate batzuetara pasatu beharrik izan gabe. 

Euren gogo biziari esker, Nafarroan pilotari federatuak egotea errealitate gero eta sendoagoa da, eta igandean duela hamarkada bat eman zuten lehen urrats ez beti erraz horrengatik merezitako aitortza eta esker ona jasoko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun