Etxeko Memorialaren bigarren edizioa maiatzaren 1ean abiatuko da Altsasun

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

Ados elkarteko zenbait pilotari, bertsolari eta antolatzaileak, asteartean Hernanin egin zen Etxeko Memorialaren bigarren edizioaren aurkezpenean.

Etxeko Memorialaren bigarren edizioa aurkeztu zuten astearte arratsaldean Hernanin, bertsoa eta pilota uztartzen dituen txapelketaren edizio berria. Ekitaldian parte hartu dute antolatzaileek, erakundeetako ordezkariek eta aurtengo edizioko protagonistetako batzuk, eta aurkezpenak balio izan du txapelketaren egitura, taldeak, egutegia eta aurtengo berrikuntzak ezagutzera emateko.

Maiatzaren 23an jardunaldi bat jokatuko da Donamarian, eskualdean jokatuko den bakarra eta finala ekainaren 7an jokatuko dute Hernanin, Naroa Elizalde Etxekolonea Zubietako pilotaria zenaren omenez

Etxeko Memorialak bertsoaren eta pilotaren arteko lotura estua jarri nahi du balioan, bi diziplinak lehiaren, kulturaren eta herri izaeraren ikuspegitik uztartuz. Baina txapelketa hau hori baino gehiago ere bada: Naroa Elizalde Etxekolonea zenaren omenez jokatzen da, eta horrek esanahi berezia ematen dio. Oroimenetik, maitasunetik eta aitortzatik sortutako ekimena da, eta emozio hori izango da bigarren edizio honetan ere txapelketaren ardatzetako bat. Maiatzean zehar hainbat herri zeharkatuko ditu, tartean Donamaria maiatzaren 23an, final handia ekainaren 7an Hernanin jokatu aurretik.

Aurtengo edizioan lau talde ariko dira lehian, eta talde bakoitza hiru pilotarik eta bertsolari botilero batek osatuko dute. Iturriaga leitzarra izanen da eskualdeko Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatuko dira: partida bat buruz buru lau eta erdiaren barrenean, eta beste bat binaka. Neurketa bakoitzeko garaipenak puntu 1 emango dio taldeari, eta horren arabera osatuko da sailkapena.

 

Bertsolariek ere puntuatuko dute aurten

Bigarren edizio honek, gainera, berrikuntza esanguratsu bat ere izango du puntuazio sisteman: bertsolariek ere eragina izango dute lehiaren garapenean. Izan ere, jardunaldi bakoitzean bertso atala irabazten duen taldeak 2 tanto gehituko dizkio sailkapen orokorreko aldeko tanto kopuruari. Horrela, bertsoaren ekarpena ere modu zuzenean islatuko da lehian, eta pilotaren eta bertsolaritzaren arteko uztarketa are nabarmenagoa izango da.

Aurkezpenean azpimarratu denez, Etxeko Memorialak kirol lehia gainditu eta bertsoa, pilota, oroimena eta herri giroa batzen dituen topagune izaten jarraitu nahi du. Bigarren edizio honek, beraz, lehen urteko bideari jarraipena emateaz gain, ekimenaren nortasuna eta esanahi emozionala indartzeko urratsa ere egin nahi du.

 

Taldeak

  • Mitxoletak: Agirre, Betegi, Iturriaga; botilero bertsolaria: Elustondo
  • Bitxiloreak: Mujika, Mendiburu, Arrastia; botilero bertsolaria: Peñagarikano
  • Eguzkiloreak: Barrokal, Orbegozo, Gomez; botilero bertsolaria: Lizaso
  • Kukuprakak: Oskoz, Ruiz de Larramendi, Aranburu; botilero bertsolaria: Akizu

 

Egutegia

Maiatzak 1 - Altsasu

  • Mitxoletak / Kukuprakak

Maiatzak 3 - Agoitz

  • Eguzkiloreak / Bitxiloreak

Maiatzak 22 - Berriozar

  • Bitxiloreak / Mitxoletak

Maiatzak 23 - Donamaria

  • Kukuprakak / Bitxiloreak

Maiatzak 30 - Getaria

  • Mitxoletak / Eguzkiloreak

Maiatzak 31 - Lazkao

  • Kukuprakak / Eguzkiloreak

Ekainak 7 - Hernani

  • Final handia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun