Sagardo Pesta eginen dute larunbatean Saldiasen

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 29a

2024ko urrian egin zuten Saldiasko lehenbiziko Sagardo Pesta. Argazkiak: Ahinitz Gerrikagoitia.

Bertako sagardoaren balioa aitortzeko intentzioarekin, Sagardo Pesta antolatu du Saldiasko Herriko Etxeak. Herriko zazpi etxetako sagardoak dastatzeko aukera izanen da, baita Astigarragako bat ere.

Larunbat honetan, maiatzaren 2an, eginen dute, eta egun osoko pesta izanen dute.

  • 11:00etan sagardo eta zuku dastaketa hasiko da. Pintxoak jateko aukera ere izanen da eta, horrez gain, Agirre anaiak bertsotan eta Agerralde soinuan ariko dira. 
  • 14:30ean bertso zahar eta berriekin bazkaria eginen dute herriko ostatuan. Bazkarirako txartelak osteguna, apirilaren 30a, baino lehen erosi beharko dira, 35 eurotan. 
  • Eguna borobiltzeko, 19:00etan sagar tarta lehiaketa eta merendua antolatu dituzte.

Ez dute aurreneko aldia. 2024ko urrian antolatu zuten lehenbiziko aldiz Sagardo Pesta, eta herriko bost etxetako sagardoa dastatzeko aukera izan zuten bildutakoek: Apezenea, Intxureko borda, Jurdanea, Otxantrenea eta Udaneko sagardoak. Aurten gehiago izanen dira: Apezenea, Intxureko borda, Jurdanea, Kantinea, Maxeneko Borda, Otxantrenea eta Udanea. Astigarragako Bereziartua sagardoa ere ekarriko dute Saldiasera. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun