[GUTUNA] Amatxi, heldu zara Iruñera?

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 27a

Heldu den ikasturteari begira, Nafarroako Gobernuak egin nahi dituen murrizketak salatzeko, iritzi artikulu hau partekatu nahi izan dute Olatz Bergara Artieda, Maria Mendiburu Alberdi eta Miren Egues Perotxenak. Berako Labiaga Ikastolako, Baztan Ikastolako eta Lesakako Tantirumairu Ikastolako ordezkariak dira. 

Bilobak amatxiri:

—Amatxi, heldu zara Iruñera?

—Zertara, mattia?

—Ikastolari laguntzera.

—Zer pasatu da?

—Gure gela itxi behar dela...

—Eman eskua; joanen gara.

Suzko izarren azpian, bada berotasuna, eta argia. Lurrak elikatzen du nortasuna. Mendiko basapiztiek badute non marrako egin; bagara izatez basatiak. Itsasoaren baretasunak lasaitzen du esentzia eta bortizkeriak jo pareta. Haizea badabil, harat eta honat. Isilean edo oihuka mugitzen ari den indarra. Askea.

Haserre gaude, erabaki politikoak baitira, maiz, mundua nahasten dutenak. Nafarroako hezkuntza mundua kasu honetan. Legeak lege eta interpretazioak interpretazio. Irizpideak irizpide, aplikatuak edo ez aplikatuak. Aukerak deuseztatuak. Erabaki arbitrarioak.

Ez dugu pribilegiorik eskatzen, ez dugu bertze inor baino gehiago izan nahi, baina ez dugu gutiago izatea onartuko. Izateko eskubidea eskatzen dugu. Nafarrek eskubidea dute ikastolan ikasteko.

Alde bakarreko erabakiak, elkarrizketarik gabe eta gure iritziaren kontra. Erabaki kontzienteak hartu dituzte boteretsuek.

Berdintasun printzipioa urratua. Ratio, radio edo (s)odio... berdintasun printzipioa aplikatzea eskatzen dugu soilik. Diskriminaziorik ez. Berdintasunaren aldarria egiten dugu. Berdintasuna.

Nafarroa osoan saretuta dagoen euskarazko sare bakarra gara. Tutera, Viana, Lodosa, Zangoza, Irunberri, Tafalla, Lizarra, Zizur Txikia, Iruñea, Atarrabia, Etxarri-Aranatz, Altsasu, Baztan, Bera eta Lesaka. Egin ibilbidea. Dioten bezala, bidean bat gara. Goiti goiti Bidasoan bideosoan. Bikin batin, Baztan-Bidasoan. Hama... bortz, ama bat. Josi.

Badugu ardura: ...zabal bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas... Ikastoletako komunitateak aktibo eta biziak gara gure herrietan, eta euskaltzaletasunean, kulturan, gizarte gaietan, ingurumenean, kultur aniztasunean... eragiten dugu. Auzolanean eta euskaraz josiz.

Badugu zer erran eta zer hobetu. Ez dugu euskararen kontrako erasorik nahi. Hasi zirenek, segitu dutenek eta etorriko direnek euskararen normalizazioaren alde eginen dute, eta ez dugu trabarik nahi, ez dugu areriorik nahi, elkarlana baizik. Paratu betaurrekoak eta begiratu bertze ikuspuntu batetik, aldatu begirada eta eman eskua. Atzerapausorik ez. Goazen aitzinera.

Bidea eginen dugu eta bideak jorratuko ditugu, Nafarroaren alde, Nafarroako hezkuntza osoaren alde eta Euskal Herriko gainerako ikastolekin saretzen segituz. Herri bat hezkuntzatik josiz. Herritik herriarentzat!

Euskara uretan dabil bero, lurra harramazkatzen, oihuka eta aske bizi nahirik, ero, mugituz. Segi dezala haize zakarrak Nafarroan; horren zurrunbiloan sartuko gara, sarean. Ikastolaren ahotsa adituko da ozen eta indartsu, berdintasunaren alde atzo, gaur eta bihar; iraganean, orainaldian eta etorkizunean. Ez dira ahotsak itzaliko, ezta arnasa geldituko ere.

—Amatxi Kontxita.

—Zer, mattia?

—Mila esker.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun