Jendetza bildu du Nafarroaren Egunak Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 27a

Normaltasunez iragan zen atzoko egitaraua, baina Basaizea elkarteak hainbat eraso salatu ditu

Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Nafarroa bat eta bakarra dela aldarrikatzeko eguna arrakastatsua izan da bertze behin. Eguna fresko hasi bazen ere, jendeak ez zuen hutsik egin eta Baigorriko karrikak bete zituzten atzo goizetik. Urtero bezala, basandere eta basaldunek ireki zuten desfilea, eta haiekin batera ikusi ahal izan ziren Baigorriko, Sarako eta Kanboko ziganteak, Kilimon, Anhauzeko makilariak, Irisarri eta Agoizko dantza taldeak eta mota guzietako musikariak. Hitzartzean, Basaizeak «militantzia politikoaren kontrako errepresioa, euskaldunon kontrako oldarraldi judiziala eta Aroztegia eta Marienia bezalako proiektu urbanistikoak» salatu zituen, eta euskal kultura «erresistentziarako tresna gisa» aldarrikatu zuten. Ondotik, Nahia Etxeberrik eta Irantzu Idoatek bertsoak bota zituzten, Tapia Ahizpek jotak kantatu zituzten eta jauziak eta larrain dantza dantzatu zituzten.

Egitarauak arratsaldean izan zuen segida. Bazkariaren ondotik txarangak eta bertso saioa izan ziren, Maddi Ane Txoperena, Onintza Enbeita eta Sarai Roblesekin kantuan eta Ainhoa Elizondok musikatua. Horrez gain, zirku emanaldia, dantza ikusgarria eta gauera arte luzatu ziren kontzertuak Goxua'n salsa, Puntu Takoma eta Estelle Dren eskutik.

Balorazio «gazi-gozoa»

Basaizeak jakinarazi duenez, «eraso fisiko bat, eraso arrazista bat eta ahozko eraso bat» gertatu dira aurten, gainera, «auto frankoren mirailak hautsiak izan dira eta txartel faltsuak egin dituzte». Elkarteak «eraso guzi horiek gaitzesten ditu» eta berretsi du «protokoloa aktibatuz aurre egin diela». Argi utzi dute: «ez dugu eraso matxista, homofobo, transfobo edo edozein motako erasorik onartzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun