Lesakako Arcelor Mittalek kaleratutako langilea gogoan, elkarretaratzea eta lanuztea eginen dituzte asteazkenean berriz

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 27a

Joan den ortziralean Legasan egindako elkarretaratzeko irudia.

Lesakako Arcelor Mittaleko Langileen Batzordeak joan den astean jakinarazi zuenez, martxoaren 26an «bat-batean eta kalte ordainik gabe» Legasako lantegian 27 urtez aritu izan den lankide bat kanporatu zuen enpresak. Hori salatzeko, eta lankidea berriz hartzeko eskatuz, ortziralean lanuztea egin zuten bi lantegietan, eta horrez gain, elkarretaratzea Legasako lantegiaren aitzinean. Asteazkenean berriz lanuztera deitu dute eta elkarretaratzea Lesakan eginen dute. 

Ortziraleko elkarretaratzea Legasan egin bazuten ere, bi orduko lanuztearen deialdia bi lantegietan egin zuten. Adierazi dutenez, «Legasako zati guzia gelditu zen, eta Lesakan makina batzuk». Asteazken honetan ere lanuzterako deialdia bi lantegietako langileentzat egin dute, 13:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea Lesakan eginen dute. 

Joan den ortziralean Legasan egindako elkarretaratzeko irudia. 

«Bidegabe eta neurrigabea» kanporatutako lankidea

Langileen Batzordearen arabera, «27 urtez fabrikan lan egin duen langilea» da kanporatu dutena, «bere lan eskubideak beti defenditu dituen langilea, eta orain, errudun nagusi bihurtu nahi dute». Batzordearen arabera, «nagusiaren aginduak bete ez zituelako kaleratu zutela ohartarazi zioten langileari. Otsailaren 21ean, larunbata, lan egiteko agindu zioten lanaldi irregularra aplikatua zela erraten zuen ohar bidez. Baina lanaldi irregularra aplikatzeko, aitzinetik batzordearekin adostasuna behar du enpresak, eta kasu honetan ez zen halakorik izan».

Honela gehitu du: «Enpresak dio urte hasieran egindako inbertsioarengatik geldialdia luzatu behar izan zuela eta gibelatutako lan zama izan dela arrazoi nagusia». Batzordeak, ordea, «langile faltagatik sortutako geldialdiei» egotzi die zama. Enpresarekin «akordioa» lortu nahi izan zutela kontatu du, «enpresari lantaldeak indartu behar zituela ohartaraziz eta lehenbiziko sei hilabeteetan geldialdi gehiago ez egiteko eskatuz. Baina enpresak ez zituen lan baldintza horiek hitzartu nahi eta ez zen akordiorik izan». Horren ondotik, asanblada bat egin zuten eta asanbladako emaitzak «argiak» izan ziren komitearentzat: «Hamasei boto larunbatetan lan ez egitearen alde, bi boto zuri eta bat bera ere ez alde». 

Horrekin batera «lan eskubideak defenditzen dituzten langileak zigortu» nahi dituen lan giroa nahi izatea leporatu dio enpresari, eta bere hitzetan, Legasako lantegiak dituen «egiazko arazoak» bertzelakoak dira: «langileak falta dira, bai produkzioan, bai mantentze lanetan. Lan programazioan aunitzetan desegokiak diren aldaketak egiten dira, eta horrek instalazioan geldialdiak, eta ekoizpenean galerak eragiten ditu». 

Gisa berean, «enpresak helarazi nahi digun mezua argia» da langileen batzordearen ustez: «Bihar gutako edozein izaten ahal da». Gehiago ere bai: «Guri tokatzen ez zaigulako, ez badugu deus egiten, injustizia honen konplize bihurtzen gara». Horregatik «batasuna» eskatu du, «beldurrik gabe eta zatiketarik gabe», eta kaleratutako langilea «orain berrartzeko» laguntza ere eskatu du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun