Aurtengo Bidasoa Itzuliak kilometro saila eginen ditu eskualdean barna

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 26a

Azkenean bai. Bidasoa Itzulia eginen dute. Maiatzaren 8tik 10era izanen da, eta bigarren eta hirugarren etapetako kilometro aunitz eskualdean barna eginen dituzte txirrindulariek. Ikusi xehetasunak albiste barrenean. 

1. etapa: Hondarribia

Itzuliko lehenbiziko etapa Hondarribian hasi eta bukatuko da, Guadalupeko Kantina Zaharrean hasi eta begiratokiko bidegurutzean, Jaizkibelen. Lau kilometroko etapa izanen da.

2. etapa: Arantza-Lizarietako lepoa

Maiatzaren 9an izanen da bigarren etapa eta zatirik handiena eskualdean barna egin beharko dute txirrindulariek. Zehazki, Arantzako plazan hasi eta Lizarietan izanen du helmuga 163,3 kilometroko etapak.

Arantzatik Igantziko Bentetara joanen dira, handik Bera aldera. Zalain industrialdean buelta hartuta, Sunbillara abiatuko dira segidan. Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Lekaroz, Elizondo, Elbete, Arizkungo Ordoki eta Amaiur izanen dira zeharkatu beharko dituzten hurrengo tokiak. Amaiurren buelta hartuta, Elbetetik Elizondora joanen dira, eta Lekaroztik eta Iruritatik pasatuta, Zigako mendatea igo beharko dute. Handik Anizera eta ondotik, Berroetara eta Almandozera joanen dira. Belateko mendatea igo beharko dute segidan, eta Ultzama aldean ibili ondotik, Orokietatik Saldiasera ailegatuko dira. Beintza-Labaiendik Urrozera eta handik Doneztebera joan beharko dute Etxalar aldera hartzeko. Etxalarren barna, Usategietatik pasatuz, Lizarietako lepoan bukatuko da etapa.

Ordutegiari dagokionez, 12:00etan hasiko da Arantzan etapa, eta 16:00-16:30 aldera bukatu Lizarietan. 

3. etapa: Hendaia-Irun

Hendaian hasiko da Bidasoa Itzuliko hirugarren eta azken etapa, maiatzaren 10ean, eta Irunen bukatu. Baina tarte horretan, Bortzirietatik ere pasatuko dira txirrindulariak. Zehazki, Oiartzundik ailegatuko dira Lesakara, Agiñan barna, eta Lesakatik Piedadeko gainean barna Igantzira joanen dira. Igantziko Bentetara jaitsi ondotik, Bera aldeko bidea hartuko dute, eta Endarlatsatik Irun aldera joanen dira. Etapa honek 107,3 kilometro izanen ditu eta eguerdi aldera ailegatuko da Lesakara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun