Nafarroako Gobernuak eta Taupak euskararen erabilera soziala sustatzeko lankidetza indartu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 24a

Ezkerretik eskuinera: Uxue Izco, Ana Ollo, Oskar Zapata, Jasone Mendizabal eta Jabi Arakama.

Nafarroako euskararen erabilera soziala indartzeko helburuarekin, lankidetza hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Taupa euskaltzaleen mugimenduko Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapatak. Hitzarmena Euskarak 365 egun programa garatzeko eta hurrengo Euskaraldia diseinatzeko aukera emanen du, bertzeak bertze.

Euskarabideak eta euskaltzaleen mugimenduak lankidetza hitzarmena berritu dute ‘Euskarak 365 egun’ programa aitzinera eramateko

Euskarak 365 egun programaren helburu nagusia hiztunen artean euskararen erabilera bultzatzea eta gizartean euskaltzaletasuna sustatzea da. Aurten hitzarmen honen bidez Euskaraldiaren gainean egin den ikerketaren parte bat finantzatuko da, hurrengo edizioa martxan jartzeko egin beharreko aktibazio lana eta horrekin batera bi iniziatiba berri: Eusfera eta Gau Beltza.

Nafarroako Jauregian egindako sinadura ekitaldian, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari-kudeatzaile Javier Arakama; Taupako Koordinatzaile orokorra den Jasone Mendizabal; eta Uxue Izco, maiatzaren 1etik aitzinera Oskar Zapatak utziko duen lekukoa hartuko duen Nafarroako koordinatzaile berria izan dira.

Ana Ollo kontseilaria eta Oskar Zapata, Taupako koordinatzailea, hitzarmena sinatzerakoan.

Ollo lehendakariordea eta Zapata bat etorri dira erakunde publiko eta eragile sozialen arteko elkarlana azpimarratzean, bide horretan sinatu baita hitzarmen hau, erabilera soziala eta euskaltzaletasuna sustatzeko helburuarekin. Hitzarmena 200.000 eurokoa izanen da. Laburbilduz, helburua euskaltzaleak biltzea, aktibatzea, saretzea eta eragile izateko antolatzen laguntzea da. Herritarrei era guztietako proposamenak luzatuz eta askotariko egiturak sortzeko laguntza eskainiz.

 

Proiektu berriak: Eusfera eta Gau Beltza

Eusfera egitasmo berriak haurren ekosistema linguistikoan eragitea bilatuko du gurasoen inplikazioaren bitartez. Horretarako gisa guztietako tresnak eta proposamenak helaraziko zaizkie gurasoei haurrekin partekatzen dituzten espazioetan euskara presenteago egon dadin. Hau da, haur euskaldunen hizkuntza ekosisteman eragin positiboa izanen duten aldaketak bultzatzea.

Haurren unibertsoa euskaldunagoa izateko aurrerapausoak ematea, hein batean, gurasoak aktibatuz hauek haurren unibertsoan eragiteko. Bertzetik, Euspazioak deituriko sozializaziorako elkarguneak izanen dira, familiak elkartu ahalko diren guneak, euskarara hurbiltzeko aukera emanen dutenak.

Ekimenak mugarri garrantzitsua izanen du maiatzaren 7tik eta 17ra bitartean. Egun horietan Taupak gonbidapen berezia luzatuko die gurasoei, horiek espazioa kalean, era zein modu kolektiboan eraikitzeko eta partekatzeko: mendi irteerak, plaza-jokoak, meriendak, kontzertuak, antzerkia... Eusferan, Taupak Nafarroako Gobernuaren babesaz gain, NIZE, Ikastolen elkartea, Sortzen, euskara zerbitzu eta euskara elkarteen laguntza eta konplizitatea izanen du. Hala ere, 2025 - 2026 ikasturtean zehar martxan egongo den ekimena da Eusfera eta Taupa ikasturtean zehar bere antolaketaz eta gurasoekin egin beharreko sentsibilizazio eta ahalduntze lanaz arduratuko da.

Bertzalde, udazkenera helduta Gau Beltza egitasmoak hartuko du protagonismoa. Dagoeneko, Nafarroan barna hainbat auzo eta herrietan egiten den ekimena da. Azken urteetan Tauparen egitekoa ekimena bere herrian antolatu nahi duen horri baliabideak eta ideiak eskaintzea izan da, nahi eran ospatu dezaten. Aurten urrats bat gehiago emango da, batetik sentsibilizazio lana eginen du Taupak Gau Beltzari lotzen zaizkion baloreetan oinarriturik: komunitatea, aisialdi ez kontsumista, betaurreko moreak, gazteak erdigunera… eta euskaraz; eta, bertzetik, Gau Beltzari ikusgarritasuna emateko ekitaldi indartsu bat antolatuko dute Iruñeko bihotzean, urriaren 31n.

Euskaraldiari loturik ere, aipatu bezala, 2026an zehar bi lan ildo jorratuko dira hitzarmenak hartzen duenaren arabera. Batetik, Euskaraldiaren epe luzerako begirada eta estrategia definitzeko gogoeta prozesua; eta, bertzetik, Euskaraldiaren 5. edizioa martxan jartzeko egin beharreko sustapen lana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun