Malerrekako eta Bertizaranako hainbat herritan neurri handiko hondakinekin «arazoak» dituztela ohartarazi du mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 24a

Traste handiekin «arazo aunitz» izaten ari direla erran du Malerrekako Mankomunitateak ohar bidez, «jendeak karrikan botata uzten dituelako». Mankomunitateak «kontzientziazioa eta kontrola» beharrezkotzat jo ditu.  

Neurri handiko hondakinekin duten arazoa «aspaldikoa» dela jakinarazi du Malerrekako Mankomunitateak: «Ohikoa da zaborra eta neurri handiko hondakinak edukiontzietatik kanpo agertzea. Mankomunitatearen parte diren herri gehienetan gertatzen den arazoa da». Joseba Sanchez mankomunitateko teknikariak gehitu duenez, «aunitzetan hondakin mota horiek ez dira modu egokian kudeatzen, karrikan botata uzten baitira. Jokabide horrek arazo handiak eragiten ditu; zikintasuna, herritarrendako arriskua...».

Hala, «arauak betearazteko kontzientziazioa eta kontrola areagotzeko» joan den urtean hasitako kanpainarekin segituko du mankomunitateak udaberri honetan. Gisa horretara, «herritarrek neurri handiko trasteak Doneztebeko garbigunera eramatea» nahi du, «dagozkion ordu eta egunetan». Horrekin batera, hortxe da traste handiak biltzeko zerbitzua. 672 04 57 34ra deitu eta etxetik doan biltzen dituzte. 

Isunak

Zaborra eta neurri handiko trasteak karrikan uztea debekatua dela ere oroitarazi du: «Etxeko hondakinak edukiontzietatik kanpo bide publikoan uzteak 300 eta 60.000 euro bitarteko zigorrak ekartzen ahal ditu».  

Mankomunitateak «espazio publikoaren zaintza guztion ardura» dela azpimarratu du, eta «hondakinen gaikako bilketa zuzena egitea eta neurri handiko tresnak garbigunera eramatea norberaren ardura» dela gaineratu du. Hala, herritarrei berriz ere eskatu die «sistema modu egokian erabiltzeko». 

Akitzeko «kontzientziazioa eta kontrola» beharrezkotzat jo ditu: «Horregatik, kanpainaz gain, indarrean dauden arauak betearazteko pausoak areagotuko dira. Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerriak guztion artean txukun mantentzeko gai izan gaitezen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun