Herritarren ekarpenek emanen diote forma Malerrekako eta Bertizaranako I. Berdintasun Planari

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 24a

Martxoan berdintasun politiken inguruko mahai ingurua egin zuten berdintasun zerbitzuak antolatuta.

Malerrekako eta Bertizaranako Berdintasun Zerbitzua planaren lehenbiziko zirriborroa lantzen ari da.

Malerrekako eta Bertizaranako I. Berdintasun Plana diseinatzeko prozesuan, «pauso garrantzitsua» eman dutela jakinarazi du Malerrekako eta Bertizaranako Berdintasun Zerbitzuak. Diagnostikoa publikatu eta Baztango eta Bortzirietako berdintasun politiken inguruan mahai ingurua egin ondotik, herritarrendako galdetegia zabaldu zuen berdintasun zerbitzuak. Eta argitu duenez, «galdetegi horretan bildutako herritarren kezkek, beharrek eta proposamenek forma emanen diote planean bilduko diren helburu, programa eta ekintzei».

Herritarren ekarpenak bilduta, lehenbiziko zirriborroa lantzen ari da orain berdintasun zerbitzua. Maiatzean administrazio barrenean kontrastatuko du, eta ondotik, ekainean, herritarrekin eta arduradun politikoekin.

Galdetegiko erantzunak

97 lagunek parte hartu dute galdetegian: «% 80 emakumeak izan dira, % 17 gizonezkoak eta % 3 pertsona ez-bitarrak». Berdintasun Zerbitzuak, batetik, «herritarrek gaiari ematen dioten garrantzia» nabarmendu du: «1etik 5erako eskalan, 4,71eko puntuazioa eman diote plana izateari». Baina, bertzetik, badira kontrako iritziak. «Galdetegian bi lagunek gizonen aurkako indarkeria salatu behar dela uste dute, eta berdintasun politikak urrutiegi joan direla». Erantzun horiek «egungo gizartearen ikuskeraren isla» dira berdintasun zerbitzuarendako, eta hala, «lanean segitzeko beharra agerikoa da».

Zazpi puntu

Bildutako erantzunekin, zazpi gai nagusi identifikatu dituzte:

  • Sentsibilizazioa eta hezkuntza komunitatearekin elkarlana: Haur eta gazteekin «lanketa sakonagoak egiteko beharra» adierazi dute partaideek, baita «herritar guztiendako tailerrak» eskatu ere.
  • Espazio publikoa eta bestak: «Oraindik emakumeak espazio publikoan gizonek haina parte hartzeko zailtasunak daudela» salatu dute, «kirolean eta kulturan, edo joaldunen kasuan». 
  • Zaintza eta erantzukidetasuna: «Etxeko lanen zama emakumeen gain gelditzea oztopo handi» gisa ikusten dute, eta «zaintzaren gaiari garrantzia ematea nahitaezkoa» dela.
  • Indarkeria matxista: «Isiltasun kultura hausteko eta erasoen kontra babes sareak indartzeko beharra» ere azpimarratu dute.
  • Kolektibo espezifikoak: «Adineko emakumeen errealitateak, emakume etorkinenak eta genero disidenteenak (LGTBI) kontuan hartu eta egoera hobetzeko» eskatu dute.
  • Landa eremuko berezitasunak: «Garraio falta eta denak elkar ezagutzeak dakarren presio soziala (indarkeria salatzeko orduan) faktore erabakigarriak dira» aunitzendako. 
  • Gizonen papera: «Gizonak berdintasun prozesuetan subjektu aktibo bihurtzeko tailerren beharra» ere aipatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun