Bortz kilometro eta ia mila metroko desnibel positiboa (980 metro) izanen duen proba izanen da, eta lasterketa 09:30ean hasiko da Elgorriagako plazan. Mendaurko kaskoan izanen dute helmuga eta antolatzaileek TTIPI-TTAPAri jakinarazi diotenez, 48 lagun apuntatu dira. Proba akituta, bazkaria ere plazan eginen dute, 14:00etan.
Joan den urtean egin zuten lehenbiziko aldiz proba hau (Mendaurko apustua izenarekin) eta, beraz, iazko irabazleek egindakoak dira markak. Gizonezko irabazleak, Mikel Alzuri Apezetxeak, 46 minutu eta 23 segundo behar izan zituen eta emakume irabazleak, Alaitz Olano Sotilek, ordubete, 9 minutu eta 30 segundo.