GoiNafarroa / AltaNavarra proiektua Helmuga Turistiko Jasangarrirako Planen (HJTP) baitan garatzen da, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatuta. Marka honen sorrera gobernantza parte-hartzaileko prozesu baten emaitza da, non azpimarketako batzorde teknikoek, erakunde publiko eta pribatuek eta tokiko eragileek parte hartu duten.
Marka nagusi honen bidez, Cederna Garalurrek sustapen estrategia bateratua bultzatzen du, GoiNafarroa / AltaNavarrako aniztasuna bateratzen duen kontakizun komun bat eraikiz. Horren baitan integratzen dira bost azpimarkak: Nafarroako Pirinioak, Baztan-Bidasoa, Zangozaldea-Prepirinioa, Plazaola-Sakana-Ultzamaldea eta Urdina ibilbidea.
Cederna Garalurrek nabarmendu zuen marka berria tresna erabilgarria izan nahi duela lurraldeko turismo ekosistema osoarentzat, eta azpimarratu zuen udalen, enpresen eta tokiko eragileen inplikazioa funtsezkoa izanen dela haren garapenerako eta sendotzerako.
GoiNafarroa / AltaNavarra markaren sorrera urrats estrategikoa da nortasun turistiko partekatua eraikitzeko bidean, jasangarritasunaren eta lankidetza territorialaren printzipioekin bat eginez, eta helmugaren ikusgarritasuna eta lehiakortasuna indartzera bideratuta.
Marka dagoeneko eskuragarri dago lurraldeko eragileek erabiltzeko
Aurkezpenaren ondotik, Cederna Garalur elkarteko presidenteak, Arantxa Arregi Alberrok, azpimarratu zuen «sektore publikoa eta pribatua elkarlanean aritzen direnean, lurraldeak urrunago ailegatzen dira, eta marka hau horren adibide da». Modu berean, gaineratu zuen «elkarlan horrek emaitza zehatzak ekarri dituela, hala nola lurraldeko eskaintza indartuko duten 40 turismo produktu sortzea».
Bertzalde, zuzendari gerenteak, Ibon Mimentza de Iralak, adierazi zuenez, «logo batetik harago joan nahi izan da: marka hau lurraldea beste modu batera ikusteko eta osotasun gisa posizionatzeko tresna da». Gainera, nabarmendu zuen «azken urteetan 20 inbertsio jasangarri egin direla HJTPen bidez, eta marka honek lan horri balioa ematen lagunduko duela».