Eltxo tigreak aurkitu dituzte Baztanen, Beran, Bertizaranan, Leitzan Lesakan eta Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 23a

Iaz Nafarroako hamazazpi herritan baieztatu zuten eltxo tigrearen zabalpena. Horien artean daude eskualdeko Bera, Lesaka, Sunbilla, Bertizarana, Baztan eta Leitza.

Nafarroako Gobernua 2016tik ari da aztertzen tigre eltxoaren zabalpena Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bidze. Espezie inbaditzaile hori zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina berri bat hasiko dute orain, eta kanpaina berria aurkeztearekin batera, iazko datuak zabaldu zituzten atzo.

Iazko martxotik abendura egin zuten kanpainan 1.300 ovitrampa aztertu zituzten. Denera eltxo tigrearen arrautzen lagin positiboak hartu ziren 68 laginketa puntuetatik 38tan, hau da, % 56an, aurreko urtean baino % 16 gehiago. Eltxo tigre helduak detektatu zituzten laginak hartu zituzten lekuen % 43an, 744 guztira, batez ere Beran eta Bertizaranan.

2025. urteko tigre-eltxoaren zaintza kanpainaren ondorio gisa, egiaztatu dute haren presentzia nabarmen hedatu zela iaz Nafarroa osoan: tranpa gehiagotan antzeman ziren eltxo tigreak, eta Nafarroa osoan nahiko sakabanatze zabala ikusi zen. «Emaitza horiek kontrol eta prebentzio neurriak indartzeko beharra azpimarratzen dute, baita zaintza aktiboa mantentzeko beharra ere, bere hedapena mugatzeko eta osasun publikorako arriskuak minimizatzeko, kontrolatzeko konplexua den espezie inbaditzailea dela kontuan hartuta».

Zer da eltxo tigrea?

Intsektu txikia da eltxo tigrea, iluna eta bularraldean marra zuriak dituena. Ura metatzen duten ontzi txikietan ugaltzen da, eta, beraz, hagitz garrantzitsua da herritarren laguntza, ugaltzea errazten duten eremuak saihesteko. Emeak dira ziztada egiten dutenak, eta batez ere egunsentian eta iluntzean egiten dute, normalean egunaren erdiko orduak saihestuz. Bere ziztadak azkura eta mina eragiten ditu, erreakzio alergikoa eta, probabilitate gutxirekin, denge, chikungunya edo zika bezalako gaixotasunak transmititu ditzake.

Eltxo tigrearen zabalkundea ekiditeko hainbat gomendio eman ditu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak:

  • Ura metatzen duten loreontzi, ontzi, jostailu edo pitxerrak hustu.
  • Putzuak eta igerilekuak estali. Horretarako gainazalean putzurik ez duten olanak erabiltzea gomendatu dute.
  • Maskotek ura edateko ontzietako ura aldia behin aldatzea.
  • Eltxoen kontrako sareak jartzea eta mahuka luzeko arropa erabiltzea arrisku eremuetan, batez ere egunsentian eta iluntzean.

2025ean Nafarroan 15 denge kasu eta 13 chikungunya kasu jakinarazi ziren, guztiak inportatuak izan ziren; hau da, kutsatzea Nafarroatik kanpo gertatu zen, infekzio horien zirkulazioa zuten herrialdeetara egindako bidaiei lotuta. Aurten, 4 denge kasu, 4 chikungunya kasu eta zika kasu bat baieztatu dira orain arte Kubara, Dominikar Errepublikara eta Maldivetara joandako pertsonen artean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun