Nafarroaren Eguna ospatuko dute igandean Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 23a

Basaizea elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du bertze urte batez. Gainera, Baigorrirat joateko eta bueltatzeko busak izanen dira.

Urtero bezala, programa hiru eremutan banatuko dute: Gaineko plaza, haurren eta familien xokoa eta Behereko plaza. 09:00etan hasiko dute eguna ikastolaren askari alaituarekin, eta eliza inguruan merkatua eginen dute txalapartarekin batera. 11:00etan desfilea abiatuko da Behereko plazatik eta bertan parte hartuko dute Irisarriko Dantza Taldeak, Arizkungo Ezpata dantzariek, Agoizko Dantza Taldeak, makilariek, basandere eta basaldunek, Nafarroako eta Baigorriko ziganteek eta Kilimonek. 11:30ean ekitaldia eginen dute elizako plazan, 12:00etan Bas'hitza eta 13:00etan larrain dantza eta jauziak.

Haurren eta familien xokoan puzgarriak eta aurpegi tindaketa izanen dira 14:00etatik 19:00etara. 15:00etan, berriz, bertso saio musikatua eginen dute Maddi Ane Txoperena, Onintza Enbeita eta Sarai Roblesekin, Ainhoa Elizondok musikatua eta Amaia Castorene eta Xalbat Alzugarairekin gaiak ematen. 17:30ean Oreka zirkuak emanaldia eginen du.

Behereko plazan musika izanen da nagusi egun osoz: 12:00etan Xibalet txaranga eta 14:00etan Jarauta txaranga. Gainera, 14:00etan bazkaria eginen dute Kuxkuxtu txarangak girotua (txartelak eta menua hemen). Bestak segida izanen du arratsaldean: 16:00etan Arrano Banden txanda izanen da, 17:00etan dantza ikusgarria, 17:30ean Kiko Bordatxo, 18:00etan Elektrotxorongo, 19:45ean Goxua'n salsa, 22:00etan Puntu Takoma eta 23:30ean Estelle D.

Autobus zerbitzua

Baigorrirat joateko eta handik bueltatzeko lau lekutatik abiatuko dira busak: Donibane Lohitzunetik, Iruñetik, Baionatik eta Atharratzetik. Iruñeko busak Elizondoko frontoian eginen du geldialdia, 08:30ean abiatuko da eta 22:00etan eginen du buelta. Busei buruzko informazio guzia ikusteko eta txartelak erosteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun