Bidasoko Bide Berdearen zabalpena inauguratzeko Zikloturismo Eguna eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

Tren txikitoaren bide zaharrari segituz, Doneztebe eta Elizondoko tartearen irekiera ospatuko dute bizikletan egiteko ginkana baten bidez

Nafarroako Gobernuak eta Cederna Garalur agentziak Zikloturismo Eguna antolatu dute apirilaren 25ean, Bidasoko Bide Berdearen tarte berria inauguratzeko. Izan ere, Doneztebe eta Elizondo lotzen duen 15,3 kilometroko tartea ireki dute, Legasa, Narbarte, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita eta Lekaroz barna.

Eguna ospatzeko orientazio ginkana eginen dute goizean, Bertiztik abiatuta. 09:00etan hasiko da mapa eta dortsalen banaketa, 09:30ean bizikleten oinarrizko mantentze lanak egiteko tailerra eginen dute eta 10:00etan bide segurtasuneko tailerra egin eta jardueraren argibideak emanen dituzte. Ginkana 10:30etik 13:00etara izanen da, Doneztebe eta Elizondo arteko bide berdean zehar. Zailtasunaren araberako hiri ibilbide izanen dira: horia, laranja eta gorria. Bidean ezkutatutako orientazio balizak aurkitu beharko dira, baina esploratzeko eta gozatzeko helburuarekin, lehiakortasunik gabe. Akitzeko, 13:00etan, bertako produktuak dastatzek aukera, musika eta animazioak izanen dira Bertizen.

Jarduerari buruz gehiago jakiteko edota izena emateko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun