[GUTUNA] Euskaltzale Independentiston Topaketa zertarako?

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 22a

Ortzirale eta larunbat honetan, apirilaren 24an eta 25ean, Azpeitian antolatu duten Euskaltzale Independentisten Topaketaren harira, iritzi artikulu hau zabaldu dute Markel Adin eta Intza Gurrutxaga EHEren koordinatzaileek.

Korrikaren olatuak utzitako uberan, badator Euskaltzale Independentiston Topaketaren bigarren edizioa helburu argi batekin: euskaltzaleon pizkundea indartzeko xedearekin. Hausnartzeko, formatzeko, ikasteko, jolasteko, dibertitzeko, saretzeko, finean, bi egunez, Euskal Herri euskalduna irudikatu eta gorpuztuko dugu Azpeitian. Euskal Herri osoko euskaltzaleak batu eta, eguneroko borrokara indarberrituta itzultzeko, arnasaldi bat emanen digu apirilaren 24 eta 25eko topaguneak.

Gero eta bortitzagoa den indibidualizazioak bertzelakorik sinetsarazi nahi badigu ere, gizakiok animalia sozialak gara; alegia, berezko ditugu taldean bizitzeko eta harremanak izateko beharra. Zentzu horretan, hizkuntzak berebiziko garrantzia du, elkarrekin komunikatzeko ez ezik, munduan egoteko eta munduari begiratzeko modu bat ematen digulako. Horregatik, euskararen desagerpenak ez luke hizkuntza baten desagerpena bakarrik eraginen; hori guti ez eta, mundu ikuskera oso bat galduko litzateke, munduko aniztasunean kalte nabarmena eraginez eta kapitalismoari bikain letorkiokeen homogeneizazio prozesuan sakonduz.

Euskararen borroka hor kokatuz, uste dugu garrantzitsua dela sistema zapaltzaile honen aurka diharduten bertzelako borroka askatzaileekin batera lantzea euskararen biziberritzea, baita Euskal Herriaren askapen prozesua bera ere. Ez dugu zapalkuntza berak erreproduzituko dituen Euskal Herria eraiki nahi; herri euskaldun, aske eta burujabea eraikitzea baita gure azken xedea.

Animalia soziala garen heinean, euskararen borroka ezin genezake kolektibotik edo norbanakoen arteko dependentzia horretatik at ulertu. Hain justu, horixe da gure indargunea, kolektiboki eta kolektiboa antolatzea. Horretarako nahia izatea da lehenbiziko urratsa eta, segidan, horretarako espazioak sortzea. Nahia badugu eta nahi hori zabal dadin, pedagogia euskaltzalea eta independentista egiten dihardugu. Era berean, espazioak eta elkarguneak sortzen gabiltza, topaketa hauek kasu.

Jakin badakigu erronka mardulak ditugula parez pare eta euskararen borroka birpentsatzeko momentua ailegatu dela. Egungo testuingurua irakurtzen eta beharrak identifikatzen asmatu behar dugu euskarak aitzinera egin dezan. 1979tik, EHE sortu zenetik, gauzak aunitz aldatu dira, hori ezin genezake uka. Baina, funtsean, euskara eta euskaldunak zapalduta segitzen dugu, eta zapalkuntza horren erantzule nagusiak frantziar eta espainiar estatuak dira. Amesten eta borrokatzen dugunaren aurka ari dira, une oro eta aktiboki, euskararen eta euskaldunon desagerpena sustatuz.

Ia mende erdi igaro den arren, EHEren aldarri nagusiak bere horretan dirau: Euskal Herri euskalduna. Horretarako, eragile euskaltzaleak argi izan du hasieratik independentzia ezinbertzeko dugula; alegia, Euskararen Errepublika. Gaur-gaurkoz, badakigu bi estatu zapaltzaile horien atzaparretatik askatu ezean zer datorkigun, eta badakigu munduko gainerako estaturik gabeko nazioen bilakaera ere zein izan den.

Euskarak egiten gaitu euskaldun eta euskarak egiten gaitu herri. Euskararen alde modu aunitzetara borrokatu genezake, baina EHEtik argi daukagu errora jo behar dugula. Euskararen zapalkuntza egiturazko arazoa izanik, egitura hori da irauli beharrekoa eta horregatik da ezinbertzekoa euskararen borroka estatu propio baten beharrarekin uztartzea; gainerakoan, ez baitugu arazo estrukturala gainditzerik lortuko. Hori argi izanik, gaurtik ari gara borrokan eta euskaltzaleoi ere horretarako deia egiten dizuegu. Bide horretan, ortziraleko eta larunbateko hitzordua bertze mugarri bat izanen da.

Aitzinera goaz, bazatoz?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun