«Jendea erdigunean paratzen duten bakoiak» eskatuz karrikara atera dira Baztan-Bidasoko pentsiodunak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 21a

Atzo 26 lagun bildu ziren Lesakako plazan.

Hilabetero bezala, apirilean ere euren aldarrikapenak karrikara atera dituzte Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Astelehen eguerdian Lesakako plazan egin zuten hitzordua. 

Hilabeteko hirugarren astelehenetan elkarretaratzea egiten dute Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, eta halaxe egin zuten atzo, aldi honetan Lesakan. 26 lagun bildu ziren Lesakako plazan, «jendea erdigunean paratzen duten balioen alde». 

Pentsioak

Hainbat aldarrikapen paratu zituzten mahai gainean. Bertzeak bertze, pentsiodunen mugimenduak guttieneko pentsioa guttieneko soldatarekin parekatzeko egindako «lan handia» txalotu zuten. Baina Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari «eskaria baztertu» izana leporatu zieten: «Bi administrazioetako buruak hitz politekin agertzen dira, baina praktikak bertzerik adierazten du. Harrokeria eta jarrera baztertzailea paratzen dute erdigunean, pentsiodunek eta sindikatuek bildutako ehunka mila sinadura zakarrontzira botaz». Baina pentsiodunen mugimenduak lanean segituko duela adierazi zuten atzo, eta bertzeak bertze, maiatzaren 7an Gasteizen egitekoa den manifestazioa aipatu zuten.

Pentsioen harira, «egun indarrean dagoen legearen arabera, urte hasieran pentsioen balioa handitzen» dela ere hartu zuten hizpide. «Baina horrek ez du bermatzen biziaren kostuaren neurrikoa izatea. Hori dela eta, legea egokitzekotan proposamena lantzen ari da pentsiodunen mugimendua, alderdi politikoekin eta estatu bertze pentsio elkarteekin».

Osasun publikoaren alde

Osasun publikoaren aldeko aldarrikapena ere egin zuten atzo, Gasteizen, Donostian eta Bilbon Osakidetzako murrizketen eta pribatizazioaren kontra egin dituzten mobilizazioak oroituz. «Pribatizatzeko grinak eta joerak ez du gibelera egiten, eta honetan ere, mobilizatzen segitu beharra dago». Elizondon «osasun arreta publiko eta duinaren alde» hilabetero egiten dituzten mobilizazioak gogoan, hurrengoa maiatzaren 6n izanen dela azpimarratu zuten.

Palestina

Aitzineko elkarretaratzeetan bezala, Palestinan egiten ari diren genozidioa ere gogor gaitzetsi zuten. Gainera, «horrekin aski ez, eta eraso militar fronte berriak sortu dituzte inguruan; larrienak Libanon eta Iranen. Gerrarik ez gero eta ozenago aditzen da, baina salaketak eta bertze neurriak hartu beharko dira». Palestinako egoerari erreparatuz, «Israelekin kontratu guziak alde batera uzteko eskatuz, Europan milioitik goiti sinadura» bildu dituztela gehitu zuten, baita larunbat honetan, apirilaren 25ean, Donostian Palestinaren askatasunaren alde manifestazioa egitekoa dela ere.

Zaintza

Zaintzaren inguruko «azken berriaz» ere aritu ziren: «Nafarroako adinekoen egoitzetako lan hitzarmena desblokeatzeko pausoa eman da. Ea laster akordioa egiten den eta langileen lan baldintzak hobetzen diren». 

Bertzelakoak

Maiatzaren 27an Elizondon osasun sistemaren inguruan EH Bilduren proposamena azaltzeko solasaldia izanen dela erranez, eta pentsiodunen hurrengo elkarretaratzea maiatzaren 18an Elizondon izanen dela oroitaraziz borobildu zuten atzoko agerraldia Baztan-Bidasoko pentsiodunek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun