Lesakako Arcelor Mittaleko lankide bat «bidegabe eta neurrigabe» kanporatu dutela salatu du komiteak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 20a

Kanporatutako lankidea Lesakako Arcelor MIttaleko langilea zen, baina Legasako lantegian aritzen zen lanean.

Lesakako Arcelor Mittaleko Langileen Batzordeak jakinarazi duenez, martxoaren 26an «bat-batean eta kalte ordainik gabe» Legasako lantegian 27 urtez aritu izan den lankide bat kanporatu zuen enpresak. Egoera salatu, eta kaleratutako lankidea berriz hartzeko eskatuz, ortziralean lanuztea eta elkarretaratzea egiteko deia egin du. 

Arcelor Mittalen aldetik «zigor gogorrak eta kaleratzeak ohiko» bihurtu direla salatu du komiteak ohar bidez. Esplikatu duenez, «27 urtez fabrikan lan egin duen langilea» da kanporatu dutena, «bere lan eskubideak beti defenditu dituen langilea, eta orain, errudun nagusi bihurtu nahi dute». Batzordearen arabera, «nagusiaren aginduak bete ez zituelako kaleratu zutela ohartarazi zioten langileari. Otsailaren 21ean, larunbata, lan egiteko agindu zioten lanaldi irregularra aplikatua zela erraten zuen ohar bidez. Baina lanaldi irregularra aplikatzeko, aitzinetik batzordearekin adostasuna behar du enpresak, eta kasu honetan ez zen halakorik izan».

Honela gehitu du: «Enpresak dio urte hasieran egindako inbertsioarengatik geldialdia luzatu behar izan zuela eta gibelatutako lan zama izan dela arrazoi nagusia». Batzordeak, ordea, «langile faltagatik sortutako geldialdiei» egotzi die zama. Enpresarekin «akordioa» lortu nahi izan zutela kontatu du, «enpresari lantaldeak indartu behar zituela ohartaraziz eta lehenbiziko sei hilabeteetan geldialdi gehiago ez egiteko eskatuz. Baina enpresak ez zituen lan baldintza horiek hitzartu nahi eta ez zen akordiorik izan».

Horren ondotik, asanblada bat egin zuten eta asanbladako emaitzak «argiak» izan ziren komitearentzat: «Hamasei boto larunbatetan lan ez egitearen alde, bi boto zuri eta bat bera ere ez alde». Gaineratu duenez, «hamar egun beranduago entenditu genuen enpresak zergatik ez zituen gurekin lan baldintza horiek onartu nahi. Hamar egun beranduago makinak gelditu eta larunbatetan ez zela gehiago lanik eginen erran zigun».

«Enpresak lan eskubideak defenditzen dituzten langileak zigortu nahi ditu»

Lesakako Arcelor Mittaleko Langileen Batzordea

Horrekin batera «lan eskubideak defenditzen dituzten langileak zigortu» nahi dituen lan giroa nahi izatea leporatu dio enpresari, eta bere hitzetan, Legasako lantegiak dituen «egiazko arazoak» bertzelakoak dira: «langileak falta dira, bai produkzioan, bai mantentze lanetan. Lan programazioan aunitzetan desegokiak diren aldaketak egiten dira, eta horrek instalazioan geldialdiak, eta ekoizpenean galerak eragiten ditu». 

Gisa berean, «enpresak helarazi nahi digun mezua argia» da langileen batzordearen ustez: «Bihar gutako edozein izaten ahal da». Gehiago ere bai: «Guri tokatzen ez zaigulako, ez badugu deus egiten, injustizia honen konplize bihurtzen gara». Horregatik «batasuna» eskatu du, «beldurrik gabe eta zatiketarik gabe», eta kaleratutako langilea «orain berrartzeko» laguntza ere eskatu du. 

13:00etatik 15:00etara elkarretaratzea eginen dute Legasako lantegiaren sarreran

Ortzirale honetan, apirilaren 24an, lanuzterako deia egin du langileen batzordeak. 13:00etatik 15:00etara elkarretaratzea eginen dute Legasako lantegiaren sarreran eta Lesakako eta Legasako langileei parte hartzeko deia egin die; «inposiziorik gabe enpresarekin berriz egiazko eta eraginkorra izanen den elkarrizketa soziala berrartzeko, lan baldintza duinen alde eta kaleratzeen kontra». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun