Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketa abiatu da larunbat honetan Antsoainen. Gizonezkoen 320 kiloko eta emakumezkoen 255 kiloko lehen jardunaldia jokatu dute. Gizonezkoen pisu astuneneko lehen saioan Berriozar nagusitu da, Beti Gazte izan da bigarren eta Txantrea hirugarren. Emakumeen pisu astunenean, berriz, bederatzi talde aritu dira: hemen ere Berriozar A nagusitu da, Txantrea A bigarren, Beti Gazte hirugarren, Txantrea B laugarren, Amaiur bosgarren, Araxes A seigarren, Berriozar B zazpigarren, Araxes B zortzigarren eta Antsoain bederatzigarren. Hauekin batera, 20 urtez azpikoek ere lehen jardunaldia izan dute, eskualdeko ordezkaritzarik gabe. Gazteen artean ere Berriozar gailendu zaie Antsoain A eta Antsoain B taldeei.
Kategoria hauetako bigarren jardunaldia apirilaren 26an jokatuko dute Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, igandean 11:30ean. Donezteben banatuko dira, beraz, lehen txapelak.
Maiatzaren 9an pisu arinenen lehia hasiko da Betelun. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko lehen jardunaldian Amaiur, Antsoain A eta B, Araxes, Berriozar, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria honetan. Maiatzaren 16an, Elizondoko Juanjo Atxa pilotalekuan kategoria hauetako bigarren jardunaldia jokatuko dute. Helduekin batera, kadete mailakoek ere lehen jardunaldia jokatuko dute. Zazpi talderen artean, Baztango Basaburuko bi talde izanen dira.
Maiatzaren 30ean, San Martin Unxen, txapelketa mistoa jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Araxes, Berriozar A-B, Beti Gazte eta Txantrea A-B-C lehiatuko dira. Kadeteen txapelketako bigarren jardunaldia ere bertan jokatuko dute.