Leitzako Atekabeltz gaztetxean jokatu zeb 40. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ortziralean. Hamar bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Aner Arkauz Lazkano (Lakuntza), Ekain Telletxea Odriozola (Donamaria), Enaitz Zestau-Telletxea (Bera), Ibai Letona Garaikoetxea (Iruñea), Iradi Goñi Montiel (Sarriguren), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Maddi Barandiaran Leitza (Bakaiku), Olaia Leitza Errazkin (Arbizu) eta Xabier Arkauz Lazkanok (Lakuntza).
Eki Mateorena leitzarrak aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu dira epaile lanetan.
Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu behar izan zituzten bertsolariek lehen fasean. Lanak bukatuta, lau bertsolari sailkatu ziren bigarren fasera: Ekain Telletxea, Enaitz Zestau, Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga.
Bigarren fasean, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Ondotik, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga eta Kattin Madariaga. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta.
Azkenean, Kattin Madariagak bildu zituen puntu gehien, eta horrenbertzez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Kattalin Lizarragak, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.
Xabat Illarregi Marzol Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapeldunaren eskutik hartu zuen txapela aranztarrak. Oinak buruan saria ere banatu zuten eta Kattalin Lizarragarentzat izan zen.