Mendialdeko Azoka Ibiltariak igandean hasiko du herriz herriko bidea

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 17a

Mendialdeko ekoizle eta artisauen lana erakutsi eta merkaturatzea da azokaren helburua.

Zazpigarren edizioa beteko du ekimenak eta azokarekin batera, ekitaldi osagarriak ere antolatu dituzte. Apirilaren 19an, igandean, Arriben eginen dute lehenbiziko azoka.

Mendialdeko Azoka Ibiltariaren zazpigarren edizioa igandean hasiko da. Arriben eginen dute bost azoketatik lehena. Gainera, azken urteetan bezalaxe, azokak bestelako ekintzekin osatuko dituzte. Apirilaren 19an, Arriben, artzain usadioen bueltan osatu dute egitaraua. Azoka 11:ooetan hasiko da eta 11:30ean Mendialdeko eta Idiazabal Jatorri Izendapena duten gazten dastaketa egiteko aukera izanen da, Igor Hernandez Ochoa adituaren eskutik. Mendialdeko baserritarren gazta lehiaketa herrikoia ere antolatu dute. Azokako bisitariak izanen dira epaile eta hamabost bat gazta mota ezberdin dastatu ahal izanen dituzte bi euroren truke: ardi eta ahuntz gaztak, mota ezberdinetakoak, ondua, urdina, ketua... Bozketaren ondoren, 13:30ean eginen dute sari banaketa. 

Tokiko hainbat produkturen erakusleiho dira azokak: «Mendialdeko ekoizle eta artisauen lana erakutsi eta merkaturatzea da helburua». Bisitariek elikagaiak: taloa, gazta, eztia, haragi-produktuak, hestebeteak, pateak, ogia, arrautzak, artisau garagardoa edo olioa... izanen dituzte aukera. Horiez gain, artisau eta eskulangileen lanak ere salgai jarriko dituzte: egurra, zeramika, metala edo ehunekin egindako lanak.

Eskualde mailako ekimena
Mendialdeko hamar udalerrik parte hartzen dute ekimenean: Araitzek, Aresok, Basaburuak, Beteluk, Imotzek, Goizuetak, Larraunek, Leitzak eta Lekunberrik. Udalerri hauek azokak txandaka antolatzea adostu dute, ekitaldien egutegia modu orekatuagoan banatzeko. Hurrengo hitzorduak hauek izanen dira: Maiatzaren 17an Lekunberriko azoka eta latxa arrazako ardien enkantea eginen dute. Ekainaren 28an, Goldaratzen azoka eta Xenden Eguna ospatuko dute. Irailaren 14an, Leitzako Talo Egunarekin bat eginen du azokak eta urriaren 11n, Aresoko azoka egunean herriko emakume artzainak omenduko dituzte.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun