Larunbatean egun osoko egitarau zabala izanen dute merkatu estalian eta gauean kontzertuak Zetkin, Belako eta Sutagar taldeekin
Larunbatean, 10:00etatik goiti, hurbilduko direnek parada izanen dute artisau eta laborarien merkatuan barna ibiltzeko, armairu hustean miaka aritzeko, elkarteen herrixka ezagutzeko eta animazio anitzez baliatzeko. Jatekoari dagokionez, tokiko produktuak izanen dira, bertzeak bertze merkatuko produktuekin egin laborarien bazkariari esker.
Bertzalde, egitarau mamitsu bat ukanen dute haurrek eta familiek. Joko pistak, asto bizkarrez egin ibilaldiak, mahai-futbol erraldoia, sorkuntza tailerrak, ipuin irakurketak, kermeza jokoak edota ninien gunea izanen dira, egun osoan denek bestaz gozatzeko.
Halaber, gogoetak eta ezagutzak egiteko hitzorduak eskainiko ditu programazioak. “Gure Moneta: mugaz gaindiko tokiko moneta baterantz” hitzaldiak Euskoaz inspiratuz Baztanen eta Oarsoaldean garatzen ari diren tokiko monetaren proiektua aurkeztuko du, tokiko ekonomiarako, trantsizio ekologikorako eta euskararako perspektiba berriak zabalduz. Arratsaldean, Mathieu Dumeryk (Professeur Feuillage) CLIMATØ ikuskizuna eskainiko du. Eta, eguna bururatzeko, Ezpela ezpeletar taldearen Itzaletik dantza ikuskizun berria izanen da.
20:00etatik goiti, giroa goitituko da merkatu estalian. Lehenik, GOTx Elektrotxarangako bizkaitarrak ariko dira giroa berotzen. Eta gero, Zetkin, Belako eta Sutagar taldeen kontzertuak izanen dira. Txartelak aitzinetik eros daitezke 12 euskotan/eurotan euskalmoneta.org webgunean, edo han berean 15 euskotan/eurotan. Kanpatzeko gune bat izanen da gaua Ñapurrak gelan luzatuko dutenentzat.
Urteroko bestaz haratago, lurraldearen zerbitzuko lana garatzen segitzen du Euskoak. Moneta bat baino anitzez gehiago da, hots, eraldaketa ekonomiko, ekologiko eta kulturalerako tresna bat, tokiko saltokiak laguntzen dituena, elkartasunak indartzen dituena eta euskarari bizitasuna ematen diona. Horren erakusleiho bizia da urte guziez Eusko Eguna: eragile engaiatuen sare bat eta gaurko eta biharko Euskal Herria eraikitzen duten alternatibak ospatzeko eguna.