Kubarako produktuak biltzeko kanpaina eginen dute egunotan Beran, Etxalarren, Elgorriagan eta Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 15a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eta Euskadi-Cuba Elkarteak elkarlanean, Kubarako bidalketa solidarioa antolatu dute Euskal Herri osoan. Eskualdean ere eginen dute bilketa. 

AEBek ezarritako blokeoari erantzunez, eta bide batez, AEBen «suntsitze eta arpilatze politika inperialistak salatzeko», Kubaren aldeko elkartasun kanpaina antolatu dute EHKSk, IASk eta Euskadi-Cuba Elkarteak. Salatu dutenez, Kubak hamarkadak daramatza AEBen blokeoa sufritzen, «iraultza egin eta gehiengo sozial batentzako eskubide eta bizi baldintza duina oinarri zuen gizarte eredu berri baterako bideari ekiteagatik». Kanpaina abiatu dutenen hitzetan, gaur egun egoerak okerrera egin du, «Trumpek blokeoa gogortu» duelako; «Kubako biztanleria miseria gordinena sufritzera kondenatu eta bere interesei men eginen dion gobernu aldaketa behartu nahi du, Venezuelan egin eta Iranen saiatu den gisan».

Eskualdean non eginen dute bilketa?

Eskualdeari dagokionez, Beran, Etxalarren, Elgorriagan eta Elizondon bilduko dituzte Kubarako produktuak:

  • Beran, alde batetik, gaur hasi eta larunbatera bitarte, apirilaren 15etik 18ra, Oroz, Rozas eta Telletxea dendetan eta Aloña farmazian; eta bertzetik, apirilaren 18ko goizean, Beralandetan.
  • ⁠Etxalarren, gaur hasi eta larunbatera bitarte, apirilaren 15etik 18ra, plazako dendan.
  • ⁠Elgorriagan, gaur hasi eta igandera bitarte, apirilaren 15etik 19ra, ostatuan.
  • ⁠Elizondon, ortzirale arratsaldean eta larunbat goizean, apirilaren 17an eta 18n, BM dendan. Informazio gehiagorako telefono bat ere jakinarazi dute: 680 13 13 18.
Zer bildu nahi dute?

Material sanitarioa (2027ko ekainetik aitzinera iraungitzen diren botikak, produktu sanitarioak, baliabide kirurgikoak...); elikadura osagarriak (bitaminak, mineralak...); galtzen ez diren elikagaiak (latak, arroza, zerealak, lekaleak, pastak, esne hautsa... 2027ko urtarriletik aitzinera iraungitzen dena); higienerako materiala (konpresak, toallatxoak, pixoihalak...); kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak, ekipamendua...); ikasteko materiala (eskolarako materiala, baina testuliburuak eta entziklopediak ez) eta garbiketarako materiala (erratzak, trapuak...) bildu nahi dituzte.  

Horrez gain, panel fotovoltaikoetarako dirua ere bildu nahi dute, kontu korronte bidez edo eskudirutan aipatutako tokietan egiten ahal da ekarpena. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun