Honako hamar bertsolari ariko dira ostiraleko finalean: Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra, Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra, Ekain Telletxea Odriozola donamariarra, Enaitz Zestau-Telletxea beratarra, Aner Arkauz Lazkano lakuntzarra, Ibai Letona Garaikoetxea iruindarra, Iradi Goñi Montiel sarrigurendarra, Maddi Barandiaran Leitza bakaikuarra, Olaia Leitza Errazkin arbizuarra eta Xabier Arkauz Lazkano lakuntzarra ariko dira.
Eki Mateorena leitzarrak aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea aranztarra, Nerea Bruño eta Joseba Beltza izanen dira saioko epaileak.
Txapelketak bi fase izanen ditu. Lehenengoan bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: agurra, lau oinak emanda bertso bana osatu, bukaera emanda bertso bana osatu, hitza gaitzat hartua bertso bana osatu eta gai orokorra emanda, gehienez, bost puntuko bertso bana osatu.
Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faseko lehengo ariketara, eta horietatik bi ganbarako lana egiteko. Lau sailkatuek zortziko ttikian, ofizioka, bina bertso osatu beharko dituzte. Bertatik, bi bertsolari sailkatuko dira ganbarako lanera eta puntu bati erantzunez bertso bat osatu beharko dute lehendabizi eta ondotik gaia emanda bertso bat.
Lan denak eginda, puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Arantzan eginen den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.
Saioa 18:30ean hasiko da Irurtzungo Leitzako Atekabeltz gaztetxean eta sarrera debalde izanen da.
Hamaika bertsolari kanporaketa saioan
Finala jokatu aitzinetik, bi kanporaketa jokatu zituzten: Donezteben bat eta Iruñean bertzea. Hamaika lagun aritu ziren kantuan, eta horietatik zortzik lortu zuten finalerako txartela. Kattin Madariaga aranztarrak eta Kattalin Lizarraga leitzarrak finaleko txartel zuzena zuten iaz txapeldun eta txapeldun orde izan zirelako.