Euskal pilota selekzioa garaile CIJBko munduko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 14a

Euskal selekzioko pilotariek Mendozan (Argentina) jokatutako munduko txapelketan emaitza bikainak eskuratu dituzte.

Mendozan jokatutako zortzi modalitateetan zortzi domina eskuratu ditu, tartean Alize Sagardui Lekuona goizuetarra eta Manex Etxeberri Pacheco saratarra zirela.

Apirilaren 12an bukatu da Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak (CIJB) antolatutako XI. Munduko Txapelketa eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak aurkeztutako euskal Selekzioak emaitza ikusgarriak lortu ditu. Mendozan jokatutako zortzi modalitateetan (4 emakumezkoetan eta 4 gizonezkoetan) guztira zortzi domina eskuratu dituzte: gizonezkoek urre bat (One wall, finalean Argentinari irabazita), bi zilar (nazioarteko jokoa eta manito/4 paredes) eta brontze bat (llargues); emakumezkoek, berriz, hiru urre (nazioarteko jokoan finala Herbeherei irabazita, llargues jokoan ere Herbehereak menpean hartuta eta manito/4 paredes modalitatean Valentziari gailenduta) eta zilar bat (One wall). Oro har, Euskal Herriko pilotariek –neskek zein mutilek– nagusitasun handia erakutsi dute, eta txapelketako garaile absolutuak izan dira. Euskal selekzioko pilotarien artean zeuden Alize Sagardui Lekuona goizuetarra eta Manex Etxeberri Pacheco saratarra.

Laburbilduz, emaitzak bikainak izan dira: 50 partida jokatu eta 4 urre, 3 zilar eta brontze bat lortu dira. Zaila da gehiago eskatzea. Txapelketa bikaina egin dute Euskal Herriko pilotariek, eta eskerrak eman nahi dizkiete «Mendozan gurekin izan diren euskaldun guztiei, baita Euskal Herritik babesa bidali duten guztiei ere. Hurrengoan are hobeki egiten saiatuko gara».

Izan ere, kirola egiteaz eta txapelketa jokatzeaz gain, astia izan dute Mendozako Euskal Etxea eta bertze zenbait leku interesgarri bisitatzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun