Uterga eta Mitxeo doneztebarrek irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 13a

Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte txapelketako lehen mailako eta promozio mailako txapeldun eta txapeldunordeak, sari banaketaren ondotik.

Promozio mailako finalean, berriz, Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 35-31 irabazi zieten Ezkurra III.a doneztebarrari eta Leatxe donamariarrari

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte enpresak antolatutako Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren finalak jokatu zituzten ortziralean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailan Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek 35-29 irabazi zieten iaz txapeldun izan ziren Matxin III.ari eta Ioni. Promozio mailako final bikainean, berriz, Jon Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 35-31 irabazi zieten Koteto Ezkurra III.a doneztebarrari eta Markel Leatxe donamariarrari.

Lehen mailako finala berdindua izan zen hasieran eta gorriek, lehen bi tantoak egiteaz gain, hiru tantoko aldea ere izan zuten (4-1). Baina launa, bosna, zortzina, bederatzina eta hamarna berdindu ondotik, Doneztebeko bikotea nagusitu zen eta berehala hartu zuen hamar tantoko aldea (11-21 eta 13-23). Alde hori murriztea eta hiru tantora hurbiltzea lortu zuten azpeitiarrek (26-29), baina azken txanpan gehiago izan ziren Uterga eta Mitxeo. Aipatzekoa da Utergak 18 tanto egin zituela jokoan eta Mitxeok sakez ere lau tanto egin zituela.

Xanti Uterga jokoan sartzen eta Matxin III.a begira, final nagusian. Doneztebeko aurrelariak 18 tanto egin zituen.

Promozio mailako finala oraindik berdinduagoa izan zen. Denera hamabi berdinketa izan ziren markagailuan, partida zirraragarri eta eder batean. Halere, bortz tantoko alderik handiena Ezkurra III.ak eta Leatxek izan zuten, 12-17 irabaztean jarri zirenean. Baina berriz ere hogeita bina berdindu eta berdinketa ugari izan ziren, azkena 31-31. Baina lau tantoak gorriek egin eta txapela jantzi zuten Sagasetak (joan den urtean bezala) eta Baztanek. Aipatzekoa da Sagasetak 23 tanto egin zituela, Ezkurrak 16, Leatxek 9 eta Baztanek 6, akats guttiko partidan.

Jon Sagaseta pilota zaila eramaten, Baztan atzelaria begira duela. Joan den urtean bezala, txapeldun izan da iruritarra eta finalean 23 tanto egin zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun