Larrialdi klimatikoa solasgai, Gorka Laurnaga eta Lorea Floresek argi diote: «Gure egoera arras larria da: etxea sutan dago eta gasolina botatzen segitzen diogu». Gauzak horrela, trantsizio energetiko «justu eta azkarra» aldarrikatzeko asmoz, Stop Fosilak taldea sortu dute, bidenabar, erregai fosiletatik berriztagarrietara igarotzeko manifestua sinatu dute.
Zer da Stop Fosilak?
Motzean errateko, talde ekologista bat gara. Gure kezken erdigunean daude klima larrialdia eta deskarbonizazioa. Pandemiaren ondotik, Euskadin ia 50 gasolindegi ireki ziren, baina ez zen apenas protestarik egon. Aldi berean, Parisko Akordioan finkatutako 1,5 graduen langa urte guttitan gaindituko dugula iduri du, beraz, gure egoera arras larria da: etxea sutan dago eta gasolina botatzen segitzen diogu. Larrialdiko maniobra bat behar dugu hortik ateratzeko eta maniobra hori da trantsizio energetikoa. Hortaz guk «bizitzaren alde, trantsizio justu eta azkarra» aldarrikatu dugu. Bizitzaren alde, bizitzaren mehatxu handienetarikoa XXI. mendean erregai fosilak direlako: bai ekosistementzat bai pertsonen osasunarentzat. Trantsizio horrek erran nahi du erregai fosilak lur azpian utzi eta berriztagarriak lur gainean jarri behar direla, ahalik eta hoberen eta ahalik eta lasterren. Dilema ez da desazkundea ala berriztagarriak, biak behar dira.
Nork osatzen duzue taldea?
Saiatu gara herritarra eta anitza izatea. Anitza, gaia arrunt konplexua eta zabala delako. Herritarra, herritarrak ere trantsizioan parte hartu behar dugulako eta proposamenak egin behar ditugulako, hau denen kontua baita, ura, lurra, osasuna, energia… Profil desberdineko herritarrak gaude: aktibismotik heldu garenak, agroekologiatik, eta ezagutza teknikoa duen jendea ere bada, akademiako adituak, etab.
Zein beharretatik sortzen da?
Gorka: Joan den egunean Lesakan egon nintzen eta ohartu nintzen herriko kargagailu elektrikoan eolikoen aurkako pegatina bat zegoela, teknologia elektrikoak “seinalatuz” bezala. Baina, burua altxatu eta 21 aparkaleku zeuden, konbustiozko autoekin, eta horien aurka ez zegoen inolako kartelik, ez pegatinarik ez deus ere. Zertan jartzen dugu arreta? Berriztagarriendako zernahi erraten da. Teknologia berriztagarriei algodoia pasatzen diegun aldi berean, teknologia fosilak erabat normalizatuak ditugu. Egunero 50.000 petrolio upel baino gehiago kontsumitzen ditugu, garraioan, industrian, etxean… Baina, protesta aise gehiago daude berriztagarrien aurka fosilen aurka baino. Oharkabean, mundu fosilistaren kontserbadoreak bilakatzen ari gara.
Lorea: Mundu mailan aire kutsadurak ia, tabakoak eragiten dituen bezainbertze heriotz eragiten ditu. Stop Fosilak proiektuarekin gure errealitate fosil hori seinalatu nahi izan dugu. Argi izan beharra dugu aukerarik txarrena berdin jarraitzea dela.
Begirada Euskal Herrian jarrita: zein da egoera?
Egoera beltza, Euskal Herriari “Petro Herria” deitu beharko zitzaion. Kontsumitzen dugun energiaren %80 fosila da eta %90 kanpotik heldu da. Nahaste handi, fosil eta dependientea dugu. “Independentzia” eta “OTAN ez” aldarrikatzen dugu, baina, praktikan gure gasa yankia da. Euskal Herriko hidrokarburuen zati nabarmen bat Estatu Batuetatik heldu da eta Ukraina eta Iranen ondotik agian oraino gas gehiago salduko digu, fracking bidez ateratako gasa, gaienera. Nik uste batzuetan gure buruaren irudi oker bat egin dugula, eta pentsatzen dugula Euskal Herria belaiak eta Idiazabal gasna direla, baina hemen bortz aireportu ditugu, Pasaian garabiak eta Iruñean Volkswagenen fabrika lasterrenetako bat. Herri industrial petrolio-jale bat gara. Euskadin egoera latza da: bakarrik kontsumitzen den elektrizitatearen %6 sortzen da bertako berriztagarriekin. Nafarroan egoera puskaz hobea da, jarri diren eolikoei esker: elektrizitatearen %90 inguru berriztagarria. Horrek erakusten du aldaketa posible dela eta ziztu bizian egiten ahal dela.
Azkarra behar da, gibelatzen garen urte bakoitza Hego Globaleko pertsonen edo etorkizuneko belaunaldien bizkar botatako inpaktuak dira. Fosilismoa kolonialismo hutsa da. Inor ez da hil eoliko batzuk ikusteagatik, baina egiatan jende aunitz hiltzen da klima larrialdiagatik
Trantsizio justu eta azkarra aldarrikatu duzue…
Zientziak eta nazioarteko klima mugimenduek eginiko oinarrizko aldarriak dira. Trantsizioa ez bada azkarra ez da justua izanen eta ez bada justua ez da azkarra izanen, jendea kontran agertuko delako. Justua izateak erran nahi du ezin dela inor gibelean utzi. Agian, Muskizko Petronorren bentzeno isuriaren aferarekin ulertzen da: berriki etxean gelditu behar izan ziren hango bizilagunak airea arnastea arriskutsua zelako. Tximinia itzaltzea urgentea da, azkar egin behar da, osasun publikoagatik. Baina, aldi berean, zer proposatuko diegu Petronorreko langileei? Berriztagarriek bi helburuetan laguntzen dute: gasolina elektrizitatearekin ordezkatuz tximinia itzaltzen laguntzen da; aldi berean, industria elektrikoan lanpostuak sortzen badira, aukera ematen die langileei aldaketa egiteko. Hortaz gain, energia berriztagarriek energia sistema demokratizatu eta aberastasuna eta boterea banatzeko aukera ere dakarte. Erregai fosilak estatu eta enpresa gutti batzuen esku dauden bitartean, horiek boterea pilatu eta krisi egoeretan aberasten jarraitzen dute. Azkarra behar da, gibelatzen garen urte bakoitza Hego Globaleko pertsonen edo etorkizuneko belaunaldien bizkar botatako inpaktuak dira. Fosilismoa kolonialismo hutsa da. Inor ez da hil eoliko batzuk ikusteagatik, baina egiatan jende aunitz hiltzen da klima larrialdiagatik.
Jendartearen jarreraz…
Klima larrialdiak jendea kezkatzen du. Aldi berean, normala da azpiegitura handiek ere kezka eta erantzuna sortzea. Baina, egia da egoera horren aitzinean “mito” ttiki bat sortu dela: teilatuetan plakak jartzea nahikoa dela. Autokontsumoa eta teilatuak behar-beharrezkoak dira eta gure eskualdean zorionez badago jendea horretan lanean. Baina, beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko. Gasteizen ikerketa bat egin zuten ikusteko zein zen gehienez ere etxe eta industriako teilatu guztiak estaliz sortzen ahal zen energia. Emaitza izan zen 2 MWh pertsonako, eta gure kontsumoak 40 MWh-koak dira. Guk desazkunde indartsu baten alde egiten dugu, baina, hala ere… ospitaleak nahi baditugu, parke berriztagarriak beharko dira. tamaina guztietako azpiegiturak beharko dira.
Guk desazkunde indartsu baten alde egiten dugu, baina, hala ere… ospitaleak nahi baditugu, parke berriztagarriak beharko dira. tamaina guztietako azpiegiturak beharko dira
Eta hitzetatik ekintzetara, egoerari behar bezalako garrantzia eta hedapena ematen ari zaio?
Inoiz baino gaurkotasun gehiago du aferak, fosilak lehen lerroan daude: Muskizko gertaera edo inperialismo fosila. Irango gerrak, berriz ere, mahai gainean jarri du gure kanpo dependentzia energetikoa zenbaterainokoa den, eta horrek ekonomian nolako inpaktu handia duen. Espainian, hori bai, elektrizitatearen prezioak Europako baxuenetakoak dira berriztagarriei esker. Eta auto elektrikoei bortz aldiz gutiago eraginen die prezioen igoerak konbustiozko autoei baino. Venezuela, Kuba, etab. aktualitatean daude gai horiengatik. Kuban larrialdi humanitarioan daude Trumpek petrolio sarrera blokeatu dielako modu ilegalean. Ondorioz, itzalaldiak, ospitaleak ez dabiltza… Eta hori Kubak guk baino kanpo dependentzia ttikiagoa zuela. Eta Kubaren erantzuna? Berriztagarriak: 2028rako 92 parke egin nahi dituzte, 20 MW ingurukoak, hau da, Hernaniko Ikatz-Ganeren tamainako 92. Pentsa gu harat joatea erranez «makroberriztagarriak ez» . Martzianoen pare begiratuko gintuzten. Han baita nekazariak ere itxaropenez ikusten dituzte parke horiek. Lehendabiziko auto elektrikoak ere erosi dituzte… Bide batez, Euskadi-Kuba elkarteak plaka fotovoltaikoak bidaltzeko kanpaina bat jarri du martxan. Etorkizuna elektrikoa da, iragana fosila. Burujabetza elektrikoa da, inperialismoa fosila. Kubak ulertu du. Orain gure txanda.