Erremonte txapelketako finalak jokatuko dituzte ortziralean Labriten

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 9a

Ion, Matxin III.a, Mitxeo eta Uterga ligaxkan Donezteben jokatutako partidan. Orduan Doneztebeko bikoteak 35-32 irabazi zion Azpeitikoari. Finalean berriz ere neurtuko dituzte indarrak, oraingoan Labriten.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte enpresak antolatutako Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren finalak jokatuko dituzte apirilaren 10ean, ortziralean 18:30ean hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailan Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, iaz txapeldun izan ziren Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira eta promozio mailan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra.

Lehen mailan Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira eta promozio mailan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra

Final nagusian iazko txapeldunek, Matxin III.a eta Ion azpeitiarrek, txapelketa honetan partidarik galdu ez duten Uterga eta Mitxeo doneztebarren kontra jokatuko dute. Utergak iaz finala galdu zuen Barricartekin eta aurten, herriko atzelariarekin, errebantxa hartu nahiko du. Berdintasun handiko finala espero da.

Promozio mailako finalean, berriz, Koteto Ezkurra III.ak, 17 urterekin, profesionaletako bere lehen finala jokatuko du, joan den urteko sanferminetan debutatu ondotik. Aitzineko koadroetan, arerio, Jon Sagaseta iruritarra izanen du, pilotari abiadura eta indar handia ematen dion aurrelaria. Gibelean, Markel Leatxe donamariarrak bere sake hobea eta potentzia nabarmendu nahiko ditu Baztanen kolokazioari aurre egiteko. Final honetan ere ez da faborito argirik.

Txapelketa osoan bezala, finaleko jaialdia ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da eta sarreran, dohaintzan, hamar euro ordainduko dute 22 urtez goitikoek, bortz euro 16-22 urte artekoek eta ttikiagoek sarrera doan izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun