Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute UEMAk eta euskara zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 7a

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute aurten ere UEMAk eta euskara zerbitzuek.

Nafarroan apirilaren 9an hasiko da 2025eko Errenta eta Ondare Kanpaina eta, ekainaren 25era bitarte, online, telefonoz eta bertatik bertara, milaka nafarrek egin beharko dute tramite hori. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, UEMAk eta euskara zerbitzuek, bertze hainbat erakunde publikorekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute.

Ezin da zehazki jakin zenbat herritarrek egiten duten tramite hori euskaraz baina, Nafarroako Ogasunetik emandako datuen arabera, Nafarroako UEMAko 22 udalerrietan ez dira % 10etik pasatzen aukera hori egiten duten herritarren kopurua. Emandako informazioaren arabera, gainera, gutituz doa errenta aitorpena euskaraz egitea hautatzen dutenen kopurua.

Hainbat bide

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko dauden bideak kontuan hartuta, tramite hori euskaraz egiteko aukera modu honetan egin behar da:

  • Autolikidazio proposamena: Errenta aitorpenaren proposamena zuzenean euskaraz hartu ahal izateko, hizkuntza aldaketa egiteko eskaera egin beharra dago ondoko helbidean: labur.eus/ErrentaEuskarazNafarroan. Behin aldatuta, hortik aitzinera euskaraz hartuko dugu proposamena, berriz tramite hori egin gabe.

  • Telefono bidez: Hitzordua hartzerakoan, adierazi ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula. Horrela eskatuz gero, ogasunarekin harremana euskaraz izanen duzu, bai bulegoan bertan, bai telefonoz zein internet bidez ere.

  • Internet bidez: Foru Ogasunaren errenta.nafarroa.eus atarian sartu (beste tramite batzuk atalean), eta hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitza enpresaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Bertze modu batean egiten baduzu (banketxe batean, adbidiez), euskaraz egiteko eskatu.

Edozein bide aukeratuta ere, hizkuntzaren hautaketa behin egiteko kontua da, eta ondoko urteetan hautatutako moduan egiten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun