Matxin III.a-Ion eta Sagaseta-Baztan dira Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako azken finalistak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 7a

Ion eta Matxin III.a (gorriz) izanen dira Uterga eta Mitxeoren arerio lehen mailako finalean eta Sagaseta eta Baztan (urdinez), Ezkurra III.arenak eta Leatxerenak promoziokoan.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte enpresak antolatutako Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren finalerdiak jokatu zituzten ortziralean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailan, Matxin III.ak eta Ionek 35-27 irabazi zieten min hartutako Zeberio II.aren ordez aritu zen Mikel Mikelarena oiztarrari eta Otanori. Promozio mailan, berriz, Jon Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 35-30 irabazi zieten Osesi eta Agirrezabalari.

Apirilaren 10eko finaletan Uterga-Mitxeo eta Ezkurra III.a-Leatxe izanen dituzte arerio

Lehen mailako finalerdian, hasiera berdindua izan zuten partidak. Lehen hiru tantoak Mikelarenak eta Barricartek egin zituzten, baina hirunako berdinketaren ondotik, launa, bosna eta seina berdindu zuten. 7-1eko partziala egin zuten Matxin III.ak eta Ionek (13-7) eta bazirudien partida hautsiko zela, baina berriz ere hamahiruna berdindu zuten Mikelarenak eta Barricartek. Hamalaunako berdinketaren ondotik, ordea, orduan bai, 11-2ko partziala egin zuten gorriek, bederatzi tantoko aldea hartzeko (25-16). Hortik aitzinera, aldeari ongi eutsi zioten eta, azkenean, 35-27 irabazi zuten Matxin III.ak eta Ionek, finalerako txartela eskuratzeko.

Promozio mailako finalerdian, bi atzelariak ongi ibili ziren, baina aitzineko koadroetan Sagaseta iruritarra Oses baino gehiago izan zen. Hirunako berdinketaren ondotik, urdinak beti aitzinetik ibili ziren markagailuan, baita bederatzi tantoko aldearekin ere (10-19 eta 12-21). Aldea bi tantora ekarri zuten gorriak (24-26 eta 25-27), baina azkenean gehiago izan ziren Sagaseta eta Baztan (30-35).

Gauzak honela, apirilaren 10eko finaletan, lehen mailan Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira eta promozio mailan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun