Pantailak gehiegi erabiltzearen ondorioak
-
Garunaren garapena eta gaitasunak: Pantailak komeni dena baino gehiago erabiltzea loturik dago ikasteko eta pentsamendurako garrantzitsuak diren funtzioetan izan daitezkeen zailtasunekin, ahozko adierazpenean, enpatian, arretan, memorian....
-
Loa: Pantailak erabiltzeak, batez ere lo egin aitzinetik, atseden hartzea zailtzen du. Hori egiten badute, haurrek logalea izan dezakete egunez, eta haien aldartean, jokabidean, autoestimuan eta garunaren garapen egokian ere eragin dezake.
-
Jarduera fisikoa: Pantailak gehiegi erabiltzean, haurren sedentarismoa sustatzen da, jostetan aritzeko eta mugitzeko aukerak mugatzen baitzaizkie.
-
Elikadura eta pisua: Telebistaren aitzinean denbora luzez egotea dieta ez-osasuntsuekin lotzen da; hala, gehiegizko pisua eta obesitatea izateko arriskua areagotzen da.
-
Ikusmena: Pantailei luzaroan begiratzeak begiak narrita ditzake (idortasuna, aznahia, malko jarioa), eta miopia edo estrabismoa bezalako arazoak eragin ditzake.
-
Eragozpen fisikoak: Pantailak luzaroan erabiltzeak lepoko eta bizkarreko mina, nekea eta buruko mina eragin ditzake.
Gomendioak
-
Gauez itzali mugikorrak, atsedena errazteko.
-
Pantailarik gabeko espazioak eta momentuak ezarri (otorduetan, logelan...), komunikazioa errazteko.
-
Sustatu pantailarik gabeko interakzioa eta aisia, hala nola, jarduera fisikoa, musika aditzea, ikastea, lo egitea, antzerkia, familiarekin eta lagunekin jostetan aritzea.
-
Pantailekin aritzeko denbora partekatua programatu, hala nola, film bat ikustea, edukiak, irakurgaiak edo musika zein dantzak partekatzea... Modu horretan pantailak lotzeko baliabide bihur daitezen. Pantailen erabilera partekatuak kalte guttiago egiten du, eta harremanak indartzen ditu.
-
Familiakoak, erabilera onaren eredu. Norberak mugatu dezala pantailen erabilera, eta haurrak daudenean ongi erabiltzen saiatzea.
-
Ez erabili teknologia emozioak baretzeko tresna gisa; hori egin beharrean, beren emozioak identifikatzen eta onartzen eta kudeatzen erakutsi behar zaie.
Adinaren arabera
- 0-3 urtekoetan ez da segurua pantailen eraginpean egotea, ezta denbora laburrez ere.
- 3-6 urtekoetan. Ez da komeni gailu digitalak erabiltzea. Salbuespen gisa, noizean behin baina 30 minutu gainditu gabe eta helduek gainbegiratuta, erabil daiteke harreman sozialen bat izateko edo senideekin kontaktuan egoteko.
- 6-12 urtekoetan garrantzitsua da jarraibide orokorrak ezartzea, nahi den ongizate digitala lortzeko.
- 12 urtetik aitzinera: Gehienez 2 orduz eta edukiak kontrolatuta. Ez da komeni 16 urtetik beherakoek Interneterako sarbidea duten mugikorrak erabiltzea.