Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte ortziralean Labriten

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 1a

Iruñeko udaleko, Nafarroako Pilota Federazioko eta ADANOko ordezkariak, antolatzaile eta laguntzaileekin batera, finalerdietako aurkezpenean.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•remonte enpresak antolatutako Iruñeko Alde Zaharreko XII. erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren finalerdiak aurkeztu zituzten asteartean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Hain zuzen, hiriburuko frontoian jokatuko dituzte finalerdiak apirilaren 3an, ortziralean 18:30ean hasiko den jaialdian. Lehen mailan, Matxin III.ak eta Ionek, min hartutako Zeberio II.aren ordez ariko den Mikel Mikelarena oiztarraren eta Otanoren kontra jokatuko dute eta promozio mailan, berriz, Oses eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra.

Irabazleen esperoan daude apirilaren 10eko finalean Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak lehen mailan eta Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra

Ohi bezala, finalerdietako jaialdia ere ADANO elkartearen aldekoa izanen da eta 10 euro ordaindu beharko dira sarreran, dohaintza moduan. Finalerdietarako eta finalerako dohaintza ere ordain daiteke, 15 euro.

Malerrekako lau erremontista finaletan

Lehen mailako finalerdiko irabazleak, Uterga eta Mitxeoren kontra jokatuko du apirilaren 10eko Labriteko finala. Promozio mailako finalerdiko irabazlearen esperoan, berriz, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra daude. Beraz, Mikelarenak lehen mailako finalerdian eta Sagasetak promoziokoan egiten dutenaren esperoan, eskualdeko lau erremontista bederen izanen dira finaletan. Zortzitik sei ere izan daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun