Next Generation funts europarrek Baztan-Bidasoaldean duten eragina ezagutzera eman dute

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 1a

Next Generation Europako funtsen bidez egindako lanak ezagutzeko bisitan, Lekarozko pasabide berrian.

Nafarroako Turismoak MRR funtsek Baztan-Bidasoko eraldaketa turistikoan duten eragina jakinarazteko eta ikusarazteko jardunaldia antolatu zuen asteartean. Hau izan da Nafarroako bertze zonalde batzuk zeharkatuko dituen biraren lehen geldialdia, helburu berarekin: zonalde bakoitzean egindako proiektu eta jarduera interesgarriak ezagutzea, aldi berean lurraldeko eragile publiko-pribatuekin topaketa profesional bat sortuz. Nafarroa osoan, funts horietatik eratorritako 85 milioi eurori esker, turismoa eraldatzeko 300 proiektu baino gehiago sortu dira ehun toki erakundetan baino gehiagotan.

Asteartean egindako bisitan, Amaiurko Agerreko interpretazio zentroa, Lekarozko pasabide berria, bide berdeko babes galeria Donezteben eta Bertizko landa turismo zentroa bisitatu dituzte Nafarroako Gobernuko eta eskualdeko udal, elkarte eta enpresetako ordezkariek

Astearteko bisitan Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kultura. Kirol eta Turismo kontseilaria eta Alicia Etxeberria, Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan eta Ana Rivas Turismoko zuzendari nagusia izan dira, Baztan-Bidasoaldeko udal, elkarte eta enpresetako ordezkariekin eta Cederna Garalurrekoekin batera.

Eguneko lehen geldialdiak Amaiurko harrera gunera eraman ditu. Herri honetan, Agerreko Interpretazio Zentroa bisitatu dute eta bertan Amaiur Fundazioko Juan Mari Alemanek taldeari harrera egin dio. Ondotik, gaztelura sartzeko eremua bisitatu dute, bertan kontrol sistema digitala paratu baitute.

Bidasoko Bide Berdeko pasabide berria, Lekaroz parean, izan da ibilbidearen hurrengo puntua, eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak eta Ibon Mimentza Cederna Garalurreko gerenteak hartu dute hitza.

Eguneko ekitaldi nagusia Bertizko Landa Turismoko Zentroan izan da. Gune horretan aurkezpen bat egin dute, eta Europako funtsek Nafarroa osoan eta, bereziki, Baztan-Bidasoan izan duten eragina zehaztu da, ez bakarrik egindako proiektuetan, baita sektorera zuzenean ailegatu diren diru-laguntzetan ere. Rebeca Esnaolak eta Alicia Etxeberriak ez ezik, Turismo Zuzendaritza Nagusiko ordezkariek, Cederna Garalurreko Ander Abuinek eta Argitxu Agerre Zugarramurdiko alkateak hartu dute hitza.

Bertizko landa turismo zentroan.

 

Bertiztik Doneztebe aldera jo dute eta Arantxa Arregi alkateak bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko egindako lanak ezagutzera eman ditu, Bidasoko Bide Berdean egin den babes galeria, erraterako.

Bide Berdean babes galeria, Donezteben.

 

4.740.000 euroko inbertsioa Baztan-Bidasoan

Baztan-Bidasoko PSTDak, 4.740.000 euroko inbertsioarekin, mugikortasun iraunkorraren arloko jarduerak eragin ditu, Bidasoko Bide Berdean hobekuntzak eginez, hala nola Onbordiko Tunela iragazgaiztea, Doneztebeko babes galeria eta Sunbillako prebentzio galeria, Berako trenbidearen lotunea, Urrozko aisialdi eremuan jarritako ekipamenduak edo bide eta bide zoruak egokitzea. Era berean, Xorroxin Natur Erreserban ere egin dituzte jarduerak.

Turismo produktua sortzeko, inbertsioak itxura eman dio Etxalarko Lizarietako ingurumenaren eta hegazti migratzaileen interpretazio zentroari, Amaiur eta haren azpiegiturak egokitzeari (Agerrea etxea) eta zikloturistentzako produktua sortzeari. Era berean, Zugarramurdiko lezerako esperientzia turistikoak garatu dira, baita produktu gastronomikoa bultzatzeko Artoa eta Gastrolurra proiektuak ere.

Adimen turistikoko proiektuei dagokienez, Amaiurko gaztelurako sarbidea kontrolatzeko sistema batean inbertitu da, baita joan-etorriak kontrolatzeko eta inpaktuak neurtzeko sistema batean ere. Ibilbideak eta bidexkak ere digitalizatu dituzte, turismo enpresen haztegi digitala sortu dute eta Zugarramurdiko leizeko natur ondarea eta Pottokaren bidea digitalizatu dituzte. Era berean, Baztan-Bidasoaldeko marketin digitaleko plan bat sortu da.

Espazioen kudeaketari dagokionez, Erratzuko harrera gune bat sortu dute eta Amaiurko bisitarien harrera gunean inbertitu dute. Eta, azkenik, kudeaketari dagokionez, helmugako Gerentzia Bulegoa eta NEXT (Cederna Garalur) bulegorako laguntza teknikoa martxan jarri dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun