Sexu transmisio bidezko infekzioak «lehenbailehen tratatzea garrantzitsua» dela oroitarazi du Lesakako Osasun Zentroak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 4a

Sexu transmisio bidezko infekzioak goiti doaz. Hala diote datuek. Horren harira, klamidia, gonorrea, sifilisa, giza papilomaren birusa eta GIBa hartu ditu hizpide Lesakako Osasun Zentroak. 

Klamidia

Chlamydia trachomatis bakterioak eragindako sexu transmisiozko infekzioa da klamidia. Nafarroako Gobernuaren arabera, Nafarroan ohikoena den infekzioa hau da.

Sintomak

Oro har, ez du sintomarik. Hortaz, gertatzen ahal da hura edukitzea eta jakin gabe bertze norbait kutsatzea. Sintomak agertuz gero, arriskuko praktika izan eta bi edo hiru astera ager daitezke:

  • Baginako jarioa areagotzea edo kolorea aldatzea.
  • Jariakina zakilaren muturrean.
  • Mina, aznahia edo erremina pixa egitean.
  • Odoljarioak hilekoen artean, edo hileko oparoagoak.
  • Odoljarioak edo mina koitoko sexu harremanetan.
  • Mina edo egonezina abdomenean.
  • Mina edo egonezina barrabiletan
  • Jariakina edota mina ondestean eta zintzurrean.
Nola diagnostikatzen da? 
  • Eremu genitaleko laginarekin eta batzuetan, pixaren laginarekin. 
Tratamendua
  • Garaiz tratatuz gero, antibiotikoekin sendatzen da.

 

Gonorrea

Neisseria gonorrhoeae edo gonokoko izeneko bakterioak eragindako sexu transmisio bidezko infekzioa da.

Sintomak

Batzuetan ez du sintomarik eragiten, edo hain arinak dira bertze infekzio batzuekin nahasten baitira:

  • Baginako jarioaren kolorea edo kantitatea aldatzea.
  • Jariakin horixka, zuria, berdea edo odoltsua zakiletik.
  • Mina, aznahia edota erremina pixa egitean.
  • Mina edota aznahia uzkian edo komunera joatean.
  • Odoljarioak hilekoen artean.
  • Mina edo egonezina abdomenean.
  • Batzuetan, barrabiletako mina.
Nola diagnostikatzen da?
  • Eremu genitaleko, faringeko edo uzkiko laginarekin.
  • Batzuetan, pixaren laginarekin.
Tratamendua
  • Antibiotikoekin sendatzen da.

 

Sifilisa

Treponema pallidum bakterioak eragindako sexu transmisio bidezko infekzioa da.

Sintomak

Infekzioak zenbait fase dauzka, eta zenbait sintoma izaten dira haietako bakoitzean:

  • Sifilisaren etapa goiztiarrean zauri bakar bat agertu ohi da, ttikia eta kolorerik gabea, kontaktu eremuan, genitaletan, uzkian edota ahoan. Batzuetan ez da ikusten.
  • Ez bada tratatzen, normalean minik ematen ez duen larruazaleko erupzio bat sortzen da aurpegian, bularrean, bizkarrean, esku ahurretan eta oinetan. Fase honetan, hagitz kutsakorra da.
  • Oraindik ere ez bada tratatzen, zenbait urtez desagertu daiteke, eta ondotik berriz agertu, arazo hagitz larriak sortuz, hala nola, arazo neurologikoak (itsutasuna, paralisia...), bihotzekoak eta hezurretakoak.
Nola diagnostikatzen da?
  • Eremu genitaleko laginarekin (txankroa) eta batzuetan pixaren laginarekin.
Tratamendua
  • Garaiz detektatuz gero, antibiotikoekin sendatzen da.

 

Giza papilomaren birusa

Sexu transmisio bidezko infekzioa biriko kutsakorra da, giza papilomaren birusak eragindakoa. Birus hori umetoki lepoko edo zakileko minbiziari lotzen zaio.

Sintomak

Batzuetan ez du sintomarik. Sexuaren bidez kutsatu eta hilabete batzuetara, honako hauek agertzen dira:

  • Lesioak edo garatxoak bulban, baginan, umetoki lepoan, zakilean edo uzkian. Asintomatikoak izan daitezke, edo aznahia edo erresumina eragin dezakete.
Nola diagnostikatzen da?
  • Miaketa eginda.
  • Eremu genitaleko laginarekin.
Tratamendua
  • Garatxorik balego, tratamendua haiek kentzea izanen litzateke.
  • Infekzioa prebenitzeko bada txertoa.

 

GIBa

Giza immunoeskasiaren birusak (GIBa) eragindako sexu transmisio bidezko edo odol bidezko infekzioa.

Sintomak

Hasieran, pertsonen ehuneko handi batek ez du sintomarik. Bertze batzuek sukarra, gongoilen hantura, buruko mina edo ezinegon orokorra izaten dute. Denborarekin, hiesa garatu daiteke (hartutako immunoeskasiaren sindromea). Gaixotasunaren faserik aitzinduena da, eta organismoaren defentsa sistemak huts egiten du; hala, hilgarriak izan daitezkeen infekzioak eta minbiziak garatzen dira.

Nola diagnostikatzen da?
  • Odol analisiarekin.
  • Azterketa azkarrak: listu edo odol laginarekin.
Tratamendua
  • Egunean pilula bakar bat hartzea tratamendu eraginkorra da, eta ia ez du kontrako sintomarik eragiten. Tratamendu horrek birusa kontrolatzea lortzen du.
Kontuan izan...

Oraindik badaude gaixotasun horri lotutako estigma eta bazterkeria. Haiek desagerraraztea lagungarria da gaixotasuna prebenitu, diagnostikatu eta tratatzeko.

 

Nora joan?

«Arriskuko praktikak izanez gero, edo sexu bidez kutsaturiko gaitzen baten susmoa izanez gero, nahiz eta sintomarik ez izan», profesionalengana jotzeko aholkatu dute: «Osasun etxera, sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentroetara edo Sare elkartera eta HIESaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra». Horrekin batera, «lehenbailehen tratatzea garrantzitsua» dela gaineratu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun