[GUTUNA] Elefante arrosak, arrazismoa eta eskuinak

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 2a

Jabier Arza EH Bilduren parlamentaria da Nafarroako Parlamentuan eta idatzi hau partekatu nahi izan du irakurleekin. UPNren lege proposamenaren harira mintzo da, «atxilotutako pertsonen jatorri nazionala jasoz txotenak hiru hilabetero egin eta zabaltzeko» proposamenaz, alegia. 

Arraroa dirudi, tituluak bezala, baino artikulu honi hasiera emanen diot irakurleari agindu bat emanez: Mesedez, EZ PENTSATU ELEFANTE ARROSETAN.

Jarraibide hori irakurtzean, ziurrenik, hainbat forma eta tamainadun elefante arrosak agertu zaizkio irudimenean. Agindua kontrakoa zen, baina esaldi horrek bere garunean jarri du elefante arrosaren kontzeptua.

Antzeko zerbait aurkitzen dugu Nafarroako Parlamentuak joan den martxoaren 13an egin zuen osoko bilkuran UPNk defendatutako lege proposamen baten asmoan. Hartan, atxilotutako pertsonen jatorri nazionala jasoko dituzten txotenak hiru hilabetero egin eta zabaltzea proposatzen zen. Lege proposamen hura ez zen onartu, baina eskuineko talde guztien babesa jaso zuen: UPN, PP eta VOX.

Lege proposamen horren izpiritu eta diskurtsoan, gizarteari zuzenduriko ondoko agindua presente dago: EZ ESTIGMATIZATU, nahiz eta aldian-aldian jatorri nazionala eta delinkuentzia lotzen duen informazioa eskaini, EZ ESTIGMATIZATU.

Zein eragin izan dezake agindu horrek? Ba, elefante arrosaren kasuan bezala, jatorri nazionala eta delinkuentzia lotzen dituen «zergatia-ondorioa» ideia hiritarren garunetan txertatu edo indartzea. Horrez gain, lege proposamenak Nafarroako arrazismoaren kontrako legea aldatzea proposatzen zuen, hori egingarria izan zedin. Horrela, legeak bere horretan mantenduko luke arraza, etnia edo erlijioaren gaineko profilak egiteko debekua, jatorri nazionalaren gainekoak egiteko ateak zabalduko lituzkeen bitartean. Antropologian «arrazarik gabeko arrazismoa» deritzon horren adibide paregabea. Dena den, oraindik UPNren azalpenaren zain gaude; zergatik ekidin behar ditugu profil batzuk besteak beharrezkoak diren bitartean? 

Proposamen honek eskuin muturraren proiektuarekin bat egiten du, primeran gainera. Beste era batera esanda, etorkinak erruduntzat, mehatxutzat jotzen dituen proiektua. Proiektu bat zeinak kulturen arteko elkarbizitza ezinezkoa dela defendatzen duen, zeinetan gu besteen kontra egotearen ideia indartzen den. 

Galdera ondokoa litzateke: proiektu hori eskuin muturrarena bada, zergatik gainontzeko eskuinek babestu eta sustatzen dute? Hautesleria galtzearen beldur ote? Edo baliteke uste izatea eskuin muturraren proposamenak bere eginik hura neurrira ekarriko dutela? Inozoak. Erantzuna edozein izanik ere, estrategia horren arriskua arras handia da. Lehenik eta behin, eskuinarentzat, hautesleek originala aukeratzeko joera baitute; bigarrenik, bestea behar baino gehiago kopiatzeagatik, hura bihurtu ahal zarelako eta, azkenik, eskuin muturraren mesedetan ari direlako, euren proposamenak zentzuduntzat saltzeko saiakeran baitihardute.

Lege proposamen hau saiakera horren adibide argia da. Hori azaltzeko, UPNk legea defendatzeko erabili dituen lau argudioak aztertuko ditut. Lehenengo argudioak, delituzko ekintzak zein kriminalitatea murrizteko baliogarria izanen dela dio. Hala ere, ez dute azaltzen nola lagunduko dion jomuga horri jatorri nazionala aintzat hartzen dituen aldian-aldiko txostenak argitaratzeak. Are gehiago, delinkuentzia azaltzeko jatorri nazionala beharrean gizarte faktoreak direla aintzat hartzekoak oso argi nabarmendu du kriminologia zientziak.  

Bigarren argudioak, datu horien argitaratzea gardentasun ariketa baten isla dela azpimarratzen du. Haatik, Barne Ministerioaren kriminaltasun estatistika atarian jada eskuragarrik diren datuak dira. Argi dago, proposamenaren helburuak ez du zerikusirik gardentasunarekin, elefante arrosa hiritarren garunetan txertatzearekin baizik.  

Hirugarren argudioak, informazio hori plazaratzea gezurrak ekidin eta desaktibatzeko bitarteko aproposa izan daitekeela baieztatzen du. Argudio horrek, dena den, alde batera uzten du txosten horiek egiturazko arrazismoa pairatzen duen gizarte testuinguru baten baitan argitaratuko liratekeela; izan ere, lege aldaketa hori aldarrikatzen dutenak gero eta indartsuagoak izanik, euren mesederako erabiliko lukete informazio hori. 

Laugarren argudioak, informazio horrek, bere testuinguruan ongi txertatuz gero, ez lukeela inor estigmatizatuko defendatzen du. Benetan uste dute, edo sinistarazi nahi digute, arrazismoa bulkatzen ari diren hedabide zein sasi-hedabideek zintzo erabiliko dutela informazio hori? Begi bistakoa da jada Ertzaintzak plazaratzen dituen datuekin zer egiten ari diren. Ez hori bakarrik, lege proposamenak informazioa testuinguruan jarri gabe plazaratuko zela aurreikusten zuen. Soziologiak luze eta zabal aztertu du nola etorkinak eta pertsona arrazializatuak proportzio handiagoan atxilotzen dituzten, beti ere, poliziek arrazazko profilak erabiltzen dituztelako polizia kontrol lanak egiteko. Hala ere, datua kondenatutako edo espetxeratutako pertsonei buruzkoa bada, ehunekoa nabarmen murrizten da.

Azkenik, Arrazakeriaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordearen (ECRI) txosten berri bat aipatuz itxi nahi dut artikulu hau. Arrazoia? Espainiako Estatuko eskuin eta eskuin muturreko alderdien diskurtsoarekiko kezka larria agertzen delako bertan. Jakina, txosten horren ondorioak Nafarroako kasuari ere aplika dakizkioke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun