Aste Santuan egunero irekia egonen da sagardotegia eta ostegunetik astelehenera bazkariak eta afariak emanen dituzte. Eider Bengoetxea arduradunak denboraldiaren orain arteko xehetasunak eta hemendik aitzinera antolatu dituzten ekitaldien berri eman du.
Urtarrilean ireki zenuten txotx denboraldia. Nola joan da orain arte?
Erantzun ona eduki dugu. Jendea ibili da, batez ere asteburuetan, orain joera delako batez ere asteburuetan ateratzea. Oso gustura gaude etorritako jendearekin.
Nongoak dira Ola sagardotegian izaten dituzuen bezeroak?
Jende gehiena bertakoa izaten da, Bidasoa bailarakoa. Gipuzkoa barneragotik ere etorri zaigu jendea, Donostia ingurutik eta. Nafarroatik ere dezente etortzen zaizkigu eta Iparraldekoak ere bai.
Eta adinari dagokionez?
Denetarik izan dugu. Astean zehar etortzen den jendea helduagoa da, eta aste bukaerara begira gazte gehiago etortzen dira. Orokorrean 40-50 urte bueltako jendea.
«Oso gustura gaude denboraldia hasi denetik etorri den jendearekin»
Denboraldi hasiera honetan nolako giroa izan duzue sagardotegian?
Giro ona izan dugu. Martxoko larunbat gauak girotu ditugu trikitiarekin eta giro atsegina izan dugu. Jendea lasai ibili da, gustura.
Noiz arte izanen duzue txotx denboraldia irekia?
Maiatzaren 31 arte egonen gara eta orduan itxiko dugu txotx denboraldia. Gero jatetxearekin segituko dugu. Karta eta platerak izanen ditugu eta eguerditan eta gauetan irekiko dugu abendu bukaera arte. Udaran urteroko pilota txapelketa izanen dugu, eta ohiko moduan segituko dugu.
Sagardotegian kultur eskaintza oparoa izaten duzue. Denboraldi bukaera arte zer ekitaldi dituzue aurreikusiak?
Apirilaren azkeneko igandean bertso bazkaria izanen dugu. Angel Mari Peñagarikano ariko da gaiak jartzen, eta bertsotan Andoni Egaña, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso. Aurten, nobedade bezala, bertso afaria beharrean, bertso bazkaria izanen da eta igandez izanen da. Maiatzaren azkeneko larunbatean, itxierari begira, kantu afaria eginen dugu Bankako Menditarrek girotuta. Horiek dira hemendik eta denboraldi bukaera arte egingo ditugun ekitaldi nagusiak.
Otordu horietara joateko aitzinetik eman behar da izena, ezta?
Sarrerak zuzenean sagardotegian saltzen ditugu. Jendeak telefonoz erreserbatzen ditu, eta egunean bertan hartzen dituzte. Hala ere, webgunean erosteko aukera ere izanen da. Denera, 200 txartel inguru jarriko ditugu salgai.
«Bertso bazkaria eginen dugu apirilaren 26an eta kantu afaria maiatzaren 30ean»
Bisita gidatuak ere izaten dituzue.
Sagardotegiko esperientzia osatzeko bazkaldu edo afaldu aurretik bisita gidatuak egiten ditugu. Bertan gure sagarrondoak non dauden, zer makina erabiltzen ditugun, sagardotegiaren historia… esplikatzen dugu. Gure produktuari balioa emateko esperientziak izaten dira.
Nolakoak dira bisita horiek?
Ordubete inguruko bisitak izaten dira. Lehenengo sagastian barrena paseotxo bat egiten dugu eta gure produktuen dastaketa egiten dugu sagastian bertan. Gero, dolarean beste geldiune bat egiten dugu, eta bukaeran sagardotegian dastaketa egiten dugu eta aperitibo bat ematen diegu.
Nola erreserbatu daitezke bisitak?
Bisita egiteko lehenagotik erreserba egin behar da web orrian. Bisita bakarrik egin daiteke, baina normalean jendeak otorduarekin batera erosten du. Hala ere, edozein publikorentzako irekiak izaten ditugu horrelako ekitaldiak. Eskolaren bati edo interesatzen bazaio, adin guztietarakoak dira. Bisitak lau hizkuntzetan egiteko aukera dago: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, baina hori bai beti aldez aurretik erreserbatuta.