Oskoz-Arrastia eta Arruti-Alberro txapeldun Adosen eskuz binakako txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 30a

Adosen eskuz binakako txapelketako lehen mailako eta promozio mailako txapeldunak eta txapeldunordeak, Azpeitian.

Azpeitian ortziralean jokatutako finaletan nagusitasunez irabazi zieten Iturriaga-Orbegozori lehen mailan eta Sagardui-Etxeberriari promozio mailan

 

Ados Pilota elkartearen txapelketako finalak martxoaren 27an, ortzirale arratsean, jokatu zituzten Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 600 ikusleren aitzinean. Maila nagusiko finalean, Oskozek eta Arrastiak 22-13 irabazi zieten Iturriaga leitzarrari eta Orbegozori. Promozio mailakoan, berriz, Arrutik eta Dunixe Alberro iturendarrak 22-12 irabazi zieten Alize Sagardui goizuetarrari eta Etxeberriari. 

Lehen mailan, Oskoz eta Arrastia txapeldun eta Iturriaga eta Orbegozo txapeldunorde.

Lehen mailako finalaren hasiera orekatua izan zen, alde handirik gabe, baina bigarren zatian urdinen mailak koska bat gora egin zuen eta neurketa haustea lortu zuten. Gorriak ez ziren gai izan txapelketan erakutsi duten maila bera emateko, eta urdinek, merezimendu osoz, txapela jantzi zuten.

Promozio mailan, Arruti eta Dunixe Alberro iturendarra txapeldun eta Alize Sagardui goizuetarra eta Etxeberria txapeldunorde.

Promozio mailako finalaren hasieran Sagardui-Etxeberriaren abiadura nagusitu bazen ere, Arruti-Alberro bikoteak ongi eutsi zion finalari eta bigarren zatian askoz ere sendotasun handiagoarekin jokatuz beste garaipen eder batekin borobildu zuten txapelketa.

Finaleko sarreretatik lortutako diruaren zati bat Korrikara bideratuko du Ados Pilotak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun