Apirilaren 26an eginen dute Nafarroaren Eguna Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 27a

Argazkia: Basaizea elkartea.

Basaizea elkarteak aurtengo egitaraua aurkeztu du, Estatu zapaltzaileen aitzinean, herri erresistentzia! lelopean. Gainera, Kulturaldiaren barnean apirilean antolatu dituzten zazpi ekitaldien berri eman dute

1979an lehen Nafarroaren Eguna ospatu zenetik «gauza anitz aldatu direla» dio Basaizeak. «Euskal kultura bera ere etengabeko aldaketan ari da, baina herri erresistentzia ez da sekula hil eta bizirik dirau Nafarroaren Egun orotan. Bizirik iraunen du kontziente baldin bagara bi estatu zapaltzaileren artean bizi garela. Horren ondorio zuzena dira egunerokoan ukaiten ditugun mehatxu eta erasoak: euskaldunon kontrako oldarraldi judiziala martxan da, epaitegietan euskaraz mintzatzeko eskubidea ukatua zaigu eta euskal kultura sustatzeko ahal geroz eta gutiago ditugu».

Horrez gain, «eskuin muturrak dakartzan ideiak eta jarrerak geroz eta konplexu gutiagorekin adieraziak dira espazio publikoan. Geroz eta eraso zuzen gehiago gertatzen ari dira: pertsona guzien onarpena aldarrikatzen duen LGTBKIA+ bandera urratzetik Baigorriko plazan, berrikiago Hazparneko ihauterien karietara eskuin muturrak eraman duen polemika piztu eta elikatzeraino».

Horren aitzinean, «euskara eta euskal kultura biziaraztea etengabeko lana da. Defenditzen ditugun baloreak erresistentzia baten parte dira, eta Nafarroaren Egunak horiek sustatzen dituen heinean, datorren garai ilunari erantzun bat emateko eta haren kontra borrokatzeko deia zabaltzen dugu».

Azkenik, «demokraziaren aitzakiapean gerla inperialistak martxan eman dira eta horren harira munduko bertze herri zapalduei elkartasuna adierazi nahi diegu. Bertzeak bertze, Palestinak bizitzen duen kolonizazioa eta zapalkuntza salatu nahi ditugu. Estatu zapaltzaileen aitzinean, munduko herri minorizatuak elkarrekin aritzeko guneak sor ditzagun».

Apirilaren 26ko egitaraua

Urtero bezala, programa hiru eremutan banatuko dute: Gaineko plaza, haurren eta familien xokoa eta Behereko plaza. 09:00etan hasiko dute eguna ikastolaren askari alaituarekin, eta eliza inguruan merkatua eginen dute txalapartarekin batera. 11:00etan desfilea abiatuko da Behereko plazatik eta bertan parte hartuko dute Irisarriko Dantza Taldeak, Arizkungo Ezpata dantzariek, Agoizko Dantza Taldeak, makilariek, basandere eta basaldunek, Nafarroako eta Baigorriko ziganteek eta Kilimonek. 11:30ean ekitaldia eginen dute elizako plazan, 12:00etan Bas'hitza eta 13:00etan larrain dantza eta jauziak.

Haurren eta familien xokoan puzgarriak eta aurpegi tindaketa izanen dira 14:00etatik 19:00etara. 15:00etan, berriz, bertso saio musikatua eginen dute Maddi Ane Txoperena, Onintza Enbeita eta Sarai Roblesekin, Ainhoa Elizondok musikatua eta Amaia Castorene eta Xalbat Alzugarairekin gaiak ematen. 17:30ean Oreka zirkuak emanaldia eginen du.

Behereko plazan musika izanen da nagusi egun osoz: 12:00etan Xibalet txaranga eta 14:00etan Jarauta txaranga. Gainera, 14:00etan bazkaria eginen dute Kuxkuxtu txarangak girotua (txartelak eta menua hemen). Bestak segida izanen du arratsaldean: 16:00etan Arrano Banden txanda izanen da, 17:00etan dantza ikusgarria, 17:30ean Kiko Bordatxo, 18:00etan Elektrotxorongo, 19:45ean Goxua'n salsa, 22:00etan Puntu Takoma eta 23:30ean Estelle D.

Kulturaldia

Aurtengo apirilean ere Kulturaldia antolatu du elkarteak, «Baigorriko eskualdean orotariko euskarazko ekitaldiak eskaintzeko helburuarekin». Izan ere, «gaur egun eskaintza aberatsagoa bada ere, ez dugu begi bistatik galtzen, euskaraz bizi nahi badugu, horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraino lan handia gelditzen dela, euskal kulturak leku ttipiegia baitu gure lurraldean».

  • Apirilaren 4an Izeba Txirrita antzerkia taularatuko dute Baigorriko Bil Etxean 20:00etan. Geuretik Sortuak programan sortutako antzezlana da, eta sartzeak prezio librea izanen du.
  • Apirilaren 10ean Ttunttuneroen gizartea liburuaren aurkezpen musikatua eginen dute Xabier Itzainak eta Xabi Etxeberrik. Urdozeko kaperan 19:30ean izanen da, sartzea urririk, eta ondotik pintxoak eta tragoak ere izanen dira.
  • Apirilaren 12an Nor naizen banaki antzezlana ikusteko aukera izanen da, Axut! eta Artedramaren eskutik, Baigorriko Plaza Xokon 18:00etan. Sarrerak eskuragarri daude basaizea.com webgunean eta Oronozenian, 10 eurotan (zortzi Basaizeko kideendako). Ondotik taloak eta tragoak izanen dira.
  • Apirilaren 17an Kneecap film irlandarra proiektatuko dute, euskarazko azpitituluekin. Ipar Irlandako rap hirukote baten istorioa kontatzen du filmak, anarkikoak, basatiak eta edozertarako prest daudenak ama hizkuntza salbatzeko. Bil Etxean 19:30ean izanen da emanaldia, sartzea urririk.
  • Apirilaren 18an Altxalili kolektiboaren kabaret ikuskizuna izanen dute Aldudeko Alfaroenian 21:00etan. Baserri gunean sortu edo bizi diren queer pertsonek osatutako ikuskizuna da Altxalili Show, drag performantziatik genero identitatea, sexualitatea, harremanak eta bertze gai aunitz lantzen dituenak. Gaualdi osorako sarrerak 15 eurotan eskuragarri hemen.
  • Apirilaren 25ean Batuz koruaren eta Emakumenderen musikaldia izanen dute Baigorriko elizan 20:o00etan. Batuz mugaz gaindiko bi abesbatzen arteko topaketa da, Oreretakoa eta Larzabalekoa hain zuzen, 11 eta 20 urte arteko 120 kantarik osatua. Emakumende, berriz, musika tradizionala ardatz duen hamar musikari biltzen dituen kontzertua da, Iparraldeko Orkestraren eskutik. Txartelak eskuragarri Basaizearen webgunean 10 eurotan, urririk 15 urtetik beheitikoendako.
  • Apirilaren 30ean Xak musikariak kontzertua emanen du Aldudeko Alfaroenian 20:00etan. Paxkal Irigoien artistaren bakarkako proiektu berria da Xak, popa eta folka jorratzen dituena. Sartzea urririk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun