Urrutiñako bidea egokitzeko laguntza erdietsi du Saldiasko Herriko Etxeak

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 27a

Urrutiñako bidea egokitu nahi du udalak. Argazkia: Saldiasko Herriko Etxea

83.660 euro kostako dira lanak eta Nafarroako Gobernuak 62.745 euro bideratuko ditu.

Azkenaldian egindako obrak eta esku artean dituen proiektuak aurkeztu zituen Saldiasko Herriko Etxeak otsailaren 27an egindako batzarrean. Besteak beste, eskolako eta Urrutiñako bidea egokitzeko obrak hartu zituzten hizpide udal ordezkariek, maiatzean egitekoa den Sagardo Pesta ere aipatu zuten, baita joan den urteko eta aurtengo pestak ere. Auzolanean lan batzuk egiteko asmoa ere badute. 

Urrutiñako bidea 

Urrutiñako bidea egokitzeko beharra badela ikusita, gaia lantzen hasi da Herriko Etxea, eta dirulaguntza erdietsi du Nafarroako Gobernuko 2026-2028ko Tokiko Inbertsioen Planaren Tokiko Programazioaren bitartez. Zehazki, 83.660.12 euroko gastua (BEZa kanpo) aurreikusi du Herriko Etxeak, eta gobernuak 62.745,09 euro bideratuko ditu. Herriak, beraz, BEZa eta diruz lagundu gabeko zatia hartu beharko ditu bere gain: 38.483,66 euro.

Toki batean baino gehiagotan egin nahi dituzte konponketak.

Eskolako obra 

Otsontako eskola handitzeko lanen nondik norakoak ere esplikatu zituzten. Denetara, 147.379,04 euro gastatu ditu Herriko Etxeak eta Nafarroako Gobernuak 40.000 euro eman ditu. 

Sagardo Pesta eta beste

Ospakizunerako tartea ere hartu nahi dute, eta, besteak beste, Sagardo Pesta ari dira antolatzen maiatzaren 2rako.

Bestalde, herriko pestetako kontuez ere mintzatu ziren, eta joan den urteko pestetako kontuen berri eman zuten. Guztira, 12.082,4 euro gastatu zituen udalak. Aurtengoei begira ere jarriak dira eta ekainaren 19tik 24ra izanen direla aurreratu dute.

Auzolana 

Aurtengo lehenbiziko auzolana apiril aldera izanen dela iragarri dute, eta herriko ur depositua berritzeko lanetan hasiko direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun