Bihar goizean, 09:00etan, Villabonako Errebote plazan dute zita zazpi herrialdeetatik sailkatu diren 128 bikote muslariek. Tartean izanen dira eskualdeko zortzi bikote. Zehazki, TTIPI-TTAPAren eremuko 52 bikotek lortua zuten Nafarroako eta Lapurdiko finaletara sailkatzea, eta horietatik hauek izanen dira bihar, martxoaren 28an, Amasa-Villabonan ariko direnak:
| Kanporaketa jokatutako herria | Parte hartzaileak |
|---|---|
| Leitza | Miguel Telletxea eta Ibon Elizalde (NG1) |
| Erratzu | Joxe Migel Etxenike eta Mikel Lizarreta (NG8) |
| Erratzu | Joseba Irigoien eta Dani Adanaz (NG10) |
| Elizondo | Iker Heleta eta Josu Etxeberria (NG15) |
| Igantzi | Patxi Loiarte eta Mikel Mendiburu (NG16) |
| Amaiur | Xuban Bengoetxea eta Oihan Irigoien (NG19) |
| Aniz | Unai Jauregi eta Jon Magirena (NG23) |
| Oronoz-Mugairi | Benito Elizagoien eta Miguel Maritorena (NG30) |
10:00etan kalejira eginen dute Olaederra kiroldegira, eta orduan hasiko da txapelketa. Eguerdian bazkaltzeko geldituko dira, eta ilunabar aldera, finala eta finalaurrekoa eginen dituzte, Subijana Etxearen azpiko aldean. Han eginen dute sari banaketa ere. Lehenbiziko fasean 128 bikote muslariak 32 taldetan banatuko dituzte eta talde bakoitzean emaitza hoberena lortzen duenak eginen du aitzinera. Bigarren fasean, aurrez aurreko lehiak izanen dira eta zuzeneko sailkapena lortuko dute partida bakoitzean.
