Larunbateko jaialdiko lehen partida ez da txapelketakoa izanen. Xuban Iturregi iruritarraren lesioaren ondorioz, bera eta Xuban Ilarregi oiztarra promozio mailako txapelketatik kanpo gelditu dira. Beraz, apirilaren 3ko finalerdian, Oses eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira. Apirilaren 10eko finalean, ligaxkako partida guztiak irabazi dituzten Koteto Ezkurra III.a eta Markel Leatxe donamariarra esperoan dituzte. Hortaz, promozio mailako txapelketako partidaren ordez, Jon Sagaseta eta Baztan, Koteto Ezkurra III.aren eta Xuban Ilarregi oiztarraren kontra ariko dira larunbateko jaialdiko lehen partidan.
Lehen mailan, aldiz, finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak eta finalera zuzenean zein sailkatuko den erabakiko da larunbatean. Zeberio II.a eta Barricart, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira eta aukera ugariak dira: Utergak eta Mitxeok garaipena lortzen badute, zuzenean sailkatuko dira finalerako, baita galduta ere, 31 tanto egiten badituzte.
Zeberio II.ak eta Barricartek zuzenean finalera sailkatzeko aukera badute. Horretarako 27 tanto edo guttiagotan utzi beharko lukete Doneztebeko bikotea. Baina txapelketatik kanpo, finalerdietara ez sailkatzeko arriskua ere badute Zeberiok eta Barricartek: 31 tantora ailegatzen ez badira, Mikelarena eta Otano sailkatuko dira Matxin III.aren eta Ionen kontrako finalerdirako.
Beraz, emozio handiko partida erabakigarria izanen dute lehen mailan. Ohi bezala, larunbateko jaialdia ere ADANOren alde izanen da.