Martxoaren 17ko greba orokorra

Greba eguneko borrokan «alea paratu» zuten Baztan-Bidasoko «herritar guziak zoriondu eta eskertu» nahi izan dituzte greba batzordeek

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 26a

Martxoaren 17ko greba eguna pasatu zenetik astebetera, balorazioa egin dute Baztan-Bidasoko greba batzordeek. Esker oneko eta zorion mezuak erabili dituzte, eta «guttieneko soldata propioaren eta bizitza duinen alde borrokan» segituko dutela gaineratu dute. 

Alde batetik, «martxoaren 17an Hego Euskal Herrian milaka herritar lantokiak utzi eta kalera atera» zirela oroitarazi dute Baztan-Bidasoko greba batzordeek. Eta bertzalde, azpimarratu dutenez, «greba orokorra ezin daiteke egun bateko greba egun soil bat bezala gogoratu. Baztan-Bidasoko zenbait herritar aste batzuk lehenagotik hasi ginen eskualdeko greba batzordeetan, greba eguna bera antolatzeaz gain, batez ere, greba orokorreko zergatiak, aldarriak eta hausnarketak elkarren artean partekatu eta eskualdean lanketa egiteko asmoz». 

Hori argituta, esker oneko hitzak izan dituzte: «Borroka honetan alea jarri duzuen Baztan-Bidasoko herritar guziak zoriondu eta eskertu bertzerik ez zaigu gelditzen». Hala, «lantokiak utzi eta greba egin zenuten guztiak, guttieneko zerbitzuen traben gainetik zahar egoitzetan elkarretaratzeak egin zenituzten langileak, gaia sozializatzeko propaganda egiten ibili zinetenak, kotxe bueltan parte hartu zenutenak, Berako industrialdean elkartu edota Iruñeko mobilizaziora joan zinetenak, baita Doneztebeko karrikak bete zenituzten haur, gazte eta helduak ere...» izan dituzte gogoan: «Eskerrik asko!».

Haiekin batera, «esker bereziak» eman nahi izan dizkiete «egungo merkatu librearen sistema honetan kolpatuak izaten ari zareten, eta hala ere, establezimenduak ixteko erabakia hartu zenuten Baztan, Malerreka eta Bortzirietako komertzio ttikiei». Haiei begira, «aberastasunaren banaketa justu baten alde bidelagun» izanen direla gehitu dute. Eta «aitortza berezia» egin nahi izan diote LAB sindikatuari, «eskualdeko greba batzordeetan sostengu osoa adierazteagatik».

«Denon arteko batasunak indartsuago egiten gaituela» aipatzearekin batera, lanean segitzeko konpromisoa berretsi dute: «Argi dugu guttieneko soldata propioa hemen erabakitzea lortzeko borrokatzea bertzerik ez zaigula gelditzen. Eta aberastasuna modu injustuan banatu nahi duten horiei mezu argia: Baztan-Bidasoko herritarrok guttieneko soldata propio eta bizitza duinen alde borrokan segituko dugu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun