Baztan eta Bertiz Abentura parkeek ateak ireki dituzte denboraldi berrirako

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 23a

BKZ otsailaren 15ean hasi zen eskoletako kanpainekin eta martxoaren 19an ireki ditu parkeetako ateak bisitari guziendako

Bertiz Abentura Parkea Narbarten dago eta zuhaitzen artean ibiltzeko sei zirkuituk osatzen dute (berde-hori-gorria eta beltza). Gainera, 60 jolas baino gehiago ditu, 6 tirolinarekin, eta 3-4 urtetik gorako haurrek egin ditzaketenak. 
Parkea irekita egonen da 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. Aldez aurretik erreserbatu beharko da.

Elizondoko Baztan Abentura Parkean hainbat abentura jarduera eskaintzen dituzte: megatirolinen zirkuitua (300-450 metroko 4 tirolina, 120 metrotik gorako altueran), tirolina ttikiak (60-70 metroko 4 tirolina 15 metroko altueran), ferrata bide handia (200 metrokoa) eta ur-jauzi eta putzu naturalen ingurunean kanoien jarduerak. Guztizko adrenalina bilatzen dutenek 100 metroko pendulu erraldoiaren jauzia dute, geroz eta bezero gehiagok eskatzen duten jarduera.


Bi parke horietan eta BKZ-Nafarroa Abenturak antolatzen dituen bertze jarduera batzuetan 28-50 langile aritzen dira lanean denboraldiaren arabera. 2025ean enpresak 54.000 kirol jarduera baino gehiago egin zituen naturan, eta orain «udalarekin solastatzen eta adosteko fasean dago, parkea modernizatzeko eta handitzeko lanak diseinatzeko».

Azkenik, 7-15 urteko haur eta gazteendako udako kanpamenduen izen ematea irekia da Legasa eta Narbarteko aterpetxeetan, uztailean eta abuztuan abentura jarduerak egiteko.

Informazio gehiago eta erreserbak: 948 59 23 22 eta 646 75 57 60 telefono zenbakiak, bkz@navarraaventura.com helbidea eta navarraaventura.com.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun