Iturriaga leitzarra eta Orbegozo, Oskoz eta Arrastiaren kontra ariko dira Adosen binakako txapelketa nagusiko finalean

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 23a

Mujika boleaz pilota astintzen, Iturriaga begira duela. Leitzarrak, Orbegozorekin, garaipen garbia lortu zuen, finalera sailkatzeko.

Ados pilota elkartearen eskuz binakako pilota txapelketako finaletan zein pilotari ariko diren erabaki da asteburu honetan, Beasainen eta Legazpin jokatutako jaialdietan. Martxoaren 27an, ortziralean 21:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azpeitian.

Promozio mailan, berriz, Alize Sagardui goizuetarra eta Etxeberria izanen dira Arrutiren eta Dunixe Alberro iturendarraren kontrarioak ortziralean Azpeitian

Promozio mailan, ligaxkan partida guztiak irabazi dituzten Arrutik eta Dunixe Alberro iturendarrak finalerako txartela segurtatua zuten. Hortaz, bigarren bikote finalista erabaki zen larunbatean Beasainen. Alize Sagardui goizuetarrak eta Etxeberriak 22-12 irabazi zieten Iraide Iriarte sunbildarrari eta Ernagari. Hasieratik partida serioa egin zuen bikote urdinak. Biharamunean Emakume Master Cupeko finala jokatzekoa zuen Alize Sagarduik beste abiadura bat eman zion pilotari eta gorriak defentsa lanera behartu zituen. Markagailuan agudo ireki zuten zuloa eta gorriak saiatu ziren arren, ezinezkoa egin zitzaien.

Iriarte pilota astintzen eta Sagardui erne, finalerdietako aitzineko koadroetan. Azkenean, goizuetarrak eta Etxeberriak lortu zuten finalerako sailkatzea.

Lehen mailako lehen finalerdian, berriz, Iturriaga leitzarrak eta Orbegozok 22-8 irabazi zieten Mujika eta Ruiz de Larramendi izeba-ilobei. Markagailuak erakusten duena baino lehia gogorragoa izan zuen arren, liga fasean erakutsi duten sendotasuna plazaratuz final preziatura sailkatu zen Iturriaga-Orbegozo bikotea.

 

Sorpresa eman eta Oskozek eta Arrastiak (urdinez) irabazi zieten finalerdia Barrokali eta Perezi.

Oskoz eta Arrastia finalera Legazpin

Igandean Legazpin jokatu zen lehen mailako bigarren finalerdian, berriz, Barrokal eta Perez faborito eta irabazten hasi ziren arren, Oskozek eta Arrastiak buelta eman zioten neurketari eta finalerako txartela eskuratu zuten (17-22).

Finalak ortziralean Azpeitian

Gauzak honela, martxoaren 27an, ortziralean 21:00etan hasita jokatuko dituzte bi finalak Azpeitian. Promozio mailan, txapeldunetako bat eskualdekoa izanen da, Arruti eta Dunixe Alberro iturendarra, Alize Sagardui goizuetarraren eta Etxeberriaren kontra jokatuko baitute. Lehen mailako finalean, berriz, Iturriaga leitzarra eta Orbegozo, Oskozen eta Arrastiaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun