Mikelarenak eta Otanok bizirik segitzen dute Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 23a

Otano, Mikelarena, Matxin III.a eta Ion, tartean Josu Prim epailea dutela, larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Urdinak nagusitu ziren eta txapelketan bizirik segitzen dute.

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte profesionaleko txapelketa - Construcciones Mariezkurrena Sari Nagusiaren final laurdenetako bosgarren jardunaldia jokatu dute larunbat honetan Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Maila nagusian, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Otanok 35-33 irabazi zieten Matxin III.ari eta Ioni eta oraindik finalerdietara sailkatzeko aukerak dituzte. Matxin III.ak eta Ionek, galdu arren, finalerdietan izanen dira.

35-33 irabazi zieten Matxin III.ari eta Ioni larunbat arratsaldean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan

Promozio mailan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Baztanek 35-19 irabazi zieten Osesi eta Agirrezabalari eta honela, heldu den larunbatean Donezteben jokatuko den ligaxkako azken jardunaldian izanen dute finalerdietara sailkatzeko azken aukera, Xuban Iturregi iruritarraren eta Xuban Ilarregi oiztarraren kontrako partidan. Irabazleak lortuko du Osesen eta Agirrezabalaren kontra jokatu beharko den finalerdietarako txartela eta galtzailea kanpoan geldituko da. Finalean esperoan daude dagoeneko Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra.

Lehen mailan, berriz, Zeberio II.a eta Barricart, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira heldu den larunbatean Donezteben. Partida honetan erabakiko da finalerako zuzenean zein bikote sailkatuko den eta finalerdietan zein ariko diren.

Behin erabat Donezteben jokatu den ligaxka akituta, finalerdiak eta finala Iruñeko Labriten jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun