Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA] Espainiar epaitegi eta sindikatuetan ere, xenofobia ari du

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 28a

«Euskarak eta euskaldunok pairatzen dugun menpekotasun egoerarekiko kezkak» batzen ditu Euskaltzaleen Foroa izeneko ekimena osatzen duten partaideak. Eta oraingo honetan, Iñigo Larramendik izenpetutako iritzi artikulu hau partekatu nahi izan dute ERRAN.EUSeko irakurleekin.

Ezbeharrak ez dira sekulan bakarrik etortzen. Eta euskarari dagokionez, zama bat nahi ez duen mandoari, bi zama. Orkoiengo eraso euskarafoboak oraindik memorian fresko ditugula, jakin izan dugu Errenterian bertako udalaren euskara eskakizunen kontra epaitegietan aritzeko talde antolatu bat dagoela, non eta Langile Komisioak/Comisiones Obreras sindikatuaren inguruko jendartean.

Entzundako erantzunak, labur esanda, talde honen jokabide “antidemokratikoa”, euskararentzako “zoru juridikoaren beharraz”, edo aspaldi honetan bolo-bolo dabilen euskararen “erakargarritasun” mitikoaren inguruan ibili dira. Bortxatzaile bat “erakarri” behar al da? Palestinarrak Netanyahu jauna “erakartzen” saiatu behar al dira? Ez, ez dugu kasu hauetan hori esaten. Arazo larria dugu, oinarrizko eskubideen urraketaren aurrean hain erantzun ezberdinak ematen ditugunean.

Nekez lor daiteke “zoru juridiko” bat, sistemaren helburua balizko zoru hori galaraztea denean. Bai, arazoaren muina ez da sindikatu edo epaile euskarafoboak direnik, baizik eta sistema bera dela euskarafoboa. Lehenago, euskara gordinki debekatzen zen. Orain, eremu batzuetan, “estatus” teoriko bat aitortzen zaio euskarari, baina gero de facto euskararen neurri bakoitza oztopatzen da, “inposaketa” delakoan. Eta hau ahalbidetzeko ederki antolatuta dago sistema osoa, bistan denez. José María Aznarrek esan zuen bezala, el que pueda hacer, que haga…  Eta txintxo dabiltza batzuk horretan, eskuin nahiz esker.

Bestalde, badago Euskal Herrian, euskalduna ez izan arren, euskararekiko jarrera adeitsua edo ikasteko grina adierazten duen hainbat lagun. Egon bitez, noski, hauentzat babes eta tresna guztiak. Baina ez gaitezen inozoak izan. Bada gurean jende nahiz egitura ugari –askotan gehiengoa– ez dena sekulan bere borondatez euskarara hurbilduko, Ipar Irlandan edo Kaledonian bezala kolonoaren izaerari irmoki eusten diotenak. Ez, ez ditugu inoiz “erakarriko”, ez baldin badute indar sozial bat sumatzen, eta “frogaren zama” guztia euskaldunon bizkarrean uzten baldin bada. Argia aldizkariak argi eta garbi erakutsi du errealitate hori egunotan argitaratu duen kazetaritza lanean. XXI. Mendean ere, euskaldunon hizkuntz eskubide oinarrizkoenen aurka gogor diharduten eragile boteretsuak dauzkagu aurrez aurre, ez Frantziakoak eta Espainiakoak bakarrik, baizik eta gure artean bizi arren, haien politika asimilatzaile eta uniformizatzaileak hedatzen laguntzen duten eragileak ere. Gaur bertan jakin dugu eragile horietako bat Korrikatik kanpo geratu dela. Erabaki duina eta egokia iruditzen zaigu.

Egoera hau guztia iraultzeko lehen urratsa, ziurrenik, errealitateaz eta murgilduta gauden jokoaren arauez jabetzea da. Bestela, bere kaiolako errotan itxitako sagua bezala, etengabean indarrak xahutzera kondenatuta gaude, abiapuntutik irten gabe. Dagokion tokia eskuratzeko, prestigioa eta eskakizuna dira euskarak behar duena, eta ez gozotasuna.

Iñigo Larramendi (Euskaltzaleen Foroa)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun